Gidabaimena lortzeko azterketa euskaraz egiteagatik saria lortu du Getxoko gazte batek

Joseba Legarreta Gonzalez 19 urteko gazte getxoztarrari egokitu zaio “Gidabaimena euskaraz” kanpainan zozketatutako lau pertsonentzako bidaia Interrail bidez. Egitasmoa hainbat udalek antolatu zuten iaz, gidabaimena euskaraz prestatzea eta azterketa egitea bultzatzeko helburuarekin. Kanpainan, alde batetik, autoeskolei materiala eskaini zieten, euskarazko eskaintza izan zezaten. Udal iturriek nabarmendu dutenez, Getxo udalerriko bederatzi autoeskolek parte hartu zuten; Bizkaian guztira 29k. Orotara, 700 esku-liburu banatu zituen doan tokiko erakunde getxoztarrak, aipatu auto-eskolen artean. Diru-laguntzetan, 1.232 euro eman zituen, beraiek material gehiago eros zezaten. Bestalde, hiru gaztek egin zuten azterketa euskaraz: Getxoko batek, Erandioko beste batek eta Uribe Kostako Mankomunitateko hirugarren batek. Zozketan, mutil getxoztarrak irabazi zuen saria. Argazkian, Josu Legarretari atzo bertan eman zioten saria Aiboa institutu ondoan dagoen bide heziketako pistan, Garbigunetik hurbil / © Getxoko Udala.

“Pozik gaude kanpainan Getxoko autoeskolek emandako erantzunarekin eta agertu duten interesarekin. Bestalde, argi dago azterketa euskaraz egiteko herritarrak animatzen segitu behar dugula, eta aurrerantzean hori egingo dugu”, adierazi du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun