Argiztapen berria jarri dute Algorta erdigunean

Algortako Torrene eta Zabala kaleetan zein Telletxe plazan argiztapen berria jarri du Getxoko Udalak: 43 argi-puntu gehiago, alegia. Herrian egin diren beste lan batzuek bezala, "epizentro komertziala eta soziala suspertzea" da horren helburua, tokiko arduradunek aipatu dutenez. Jarduera Algortako erdigunea "berritzeko eta bizkortzeko" prozesuaren harira dator, "merkataritza indartu eta herritarren gozamenerako esparru atseginagoa egiteko eraldatzen ari baita". Argiztapen berriarekin "izaera propioa duten inguruak" lortu nahi dira, "erakargarriagoak baina aldi berean seguruagoak direnak, dendetako erakusleihoei ere protagonismoa emanez”, aipatu du Imanol Landa alkateak. Bere hitzetan, "ez da argi arrotzik izango etxe barruetan eta kalearen erreprodukzio kromatikoa eta bere itxuraz oinezkoek nabaritzen dutena hobetuko da, argi zuria erabiltzearekin aurpegiak ezagutzea errazteaz gainera". Bestalde, herenegun bertan heldu ziren Telletxe plazako jolaslekua estaliko duten pergolen egiturak. Argazkia: © Getxoko Udala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun