Buru-belarri ari dira Fadura Ostalaritzan

Ostalaritza laguntzaile ikastaroaren bitartez, 12 ikaslek trebakuntza hasi dute Fadura Ostalaritza izeneko Algortako zentroan. Prestakuntza teorikoarekin batera, 320 orduko iraupena izango dute praktikek, Getxolan eta Peñascal Fundazioaren arteko hitzarmenari esker. Aitor Soloeta Ekonomia Sustapenerako zinegotziak esan duenez, “abenduan Faduran inauguratutako ostalaritza zentroak lana topatzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako kalitatezko enplegua sortu eta Getxon estrategikoak diren sektore hauetan profesionalak trebatu nahi ditu”. Interes sozial handia duen proiektua da, irabazi asmorik gabekoa, udal agintariak nabarmendu duenez. Sektore horietan eskarmentu handia daukan eta lan-munduan pertsonak txertatzen diharduen enpresa batek, Peñascal Fundazioak, kudeatuko du. Gainera, datozen sei urteetan 26 lagun kontratatuko dituzte. Argazkian, ikasleak Imanol Landa alkatearekin / © Getxoko Udala.

Ostalaritza laguntzaile ikastaran lana topatzeko zailtasunak dituzten udalerriko 12 langabetuek hartzen dute parte. 5 gizonezko eta 7 emakumezko dira, 18 eta 53 urte bitartekoak. Eskolak bukatzerakoan ikasleen eginbeharrekoak, oro har, honako hauek izango dira: elikagaiak aldez aurretik prestatzea; sukaldaritzako plater errazak prestatzea eta aurkeztea, eta zailagoak diren platerak zelan egiten diren ikustea; elikagaiak manipulatu, prestatu eta kontserbatzeko oinarrizko teknikak erabiliz. Halaber, gai izan beharko dira jangelan eta barran aritzeko, edari eta janari arinak prestatzeko eta edariak eta janariak aurkezteko; lehen aipatu bezala, horiek manipulatu, prestatu eta kontserbatzeko oinarrizko teknikak erabiliz. Fadura Ostalaritza zentroan trebakuntza teoriko-praktikoa egin ondoren, trebetasun maila ona lortzen duten ikasleek 120 orduko praktikak egingo dituzte tokiko enpresatan, ikasketak bukatzeko eta lan mundura hurbiltzeko. Gainontzeko ikasle guztiek Faduran jarraituko dute praktikak egiten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun