The Troublemakers Blues Review taldeak joko du bihar Leioan

The Troublemakers Blues Review taldeak kontzertua eskainiko du bihar, ostirala, Kultur Leioako Ambigu aretoan. Emanaldia gaueko hamarretan hasiko da eta sarreraren prezioa sei eurokoa izango da, udal iturriek jakinarazi dutenez. Julian Kanevsky (Andres Calamaroren taldeko gitarrista), Pax, Manolo del Campo (Def con Dos taldeko gitarrista eta musikagilea) eta Lichis (La Cabra Mecanica) dira The Troublemakers Blues Review. Lau musikariek bidaia proposatzen dute 50eko hamarkadako Chicagoko blues soinuan barrena. Willie Dixon, Howlin' Wolf eta Muddy Waters-en musikarekin abiatuko dira, eta Tom Waits, Omar Kent eta antzeko musikarien doinuekin bukatuko dute bidaia. "Road movie musikala zuri-beltzean" planteatzen du The Troublemakers Blues Review taldeak bere kontzertuetan, "bluesa argi eta garbi maite dutenentzat eta, oraindik ez dakiten arren, musika hori maite dutenentzat". Argazkian, Lichis La Cabra Mecanica taldeko abeslaria / © Kultur Leioa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun