Mugimendu feministak bi topaketa egingo ditu asteburu honetan

Talde feministek asanblada eta mintegi bana egingo dute bihar eta etzi, Donostian eta Bilbon. Bihar, ostiralarekin, Neska Gazte Feministen txanda izango da Donostian. Bertako Craj kulturgunean, Jaikiko asanblada egingo dute arratsaldeko 6etan. Izan ere, antolatzaileek zabaldu dutenez, "uste dugu badela garaia gure errealitateaz geuk hitz egiteko, neska gazte izateak suposatzen duenaz eztabaidatzeko, elkarrekin nolako herria nahi dugun esna gaudela amesteko, eta nola ez, berriro gu guztion bideak gurutzatzeko". Horretarako, Hausnarketa Festa Eguna antolatuko dute martxoan, biharko asanbladan hori prestatzeari ekingo diotela. Bestalde etzi, larunbatarekin, "Feministak, instituzio publiko politikoen aurrean" mintegia egingo du Euskal Herriko Bilgune Feministak Bilboko Burtsa hiri-zentroan, goizeko 9:30etik aurrera. Bertan, "egun bideratzen diren genero eta berdintasun politikak zein legeak ezagutzea eta hauen gaineko kritika feminista adostea" da xedea. Argazkian, mintegiaren aurkezpena / © Topatu.info.

Euskal Herriko Bilgune Feministaren oharra:

Feministok, instituzio publikoetatik bideratzen diren politikak aztergai izan ditugu aspalditik. Hauen eragin zalantzagarria kezka iturri izan da eta izaten jarraitzen du gaur egun ere. Horren isla dira, Euskal Herriko mugimendu feministak 2008. urtean Portugaleten antolatu zituen IV. Jardunaldietan zabaldu zuen eztabaida, eta Bilgune Feministak 2009. urtean Tolosan egindako topaketetan, gaiaren inguruan sakontzeko eta aurrera pausuak emateko egin zuen ahalegina.

Instituzio publikoetatik bideratzen diren politikek borroka feministaren instituzionalizazioa eta berdintasunaren idei faltsuaren zabaltzea ekarri dute nagusiki, hein handi batean, mugimendu feministaren jarduna bereganatuz. Hala ere, prozesu honetan izan beharreko jarduera adostea, edota ondorio zehatzetara iristea zaila egin zaigu. Hainbatetan, mahai gaineratu den gabezia da, instituzio publiko politikoekin lan egiteko irizpide falta.

Horregatik, gaur egun bideratzen diren genero eta berdintasun politikak zein legeak ezagutzea eta hauen gaineko kritika feminista adostea beharrezkoa ikusten dugu, eta baita, gure sarearekin konpartitzea ere. Gure jarduna adosteko eta instituzio publikoetan eragiteko tresna posibleak identifikatzeko garaia iritsi dela pentsatzen dugu. Gure lana zenbateraino hartzen dute kontuan? Gure jarduera feminista zenbateraino baldintzatzen dute? Zertarako parte hartu? Zein norabidetan? Nola eragin behar dugu instituzio publiko politikoetan emakumeon bizi baldintzak hobetzeko?

Finean, Euskal Herri feminista lortze bidean, beharko ditugun bitarteko instituzionaletarako oinarriak jartzea izango dugu helburu Bilbon bilduko garen feministok. Horrez gain, mintegi honetan, hauteskundeak berehala direla kontuan hartuz, Euskal herriko feministok alderdiei begirako adierazpen bat ere osatuko dugu bertan.

Horregatik guztiagatik, galdera hauei erantzuna denon artean aurkitzeko, ezinbestean eremu anitzetan lanean gauden feministon arteko lankidetza beharrezkoa dugulako, Euskal Herriko emakume feminista oro gonbidatzen dugu otsailaren 19an goizeko 9:30etan Bilboko Burtsan egingo dugun mintegian parte hartzera.

Mintegiko egitaraua

• 9:30etan, aurkezpena.
• 10:00etan, mahai-ingurua: Amaia Andrieu (EHUko irakaslea), Irantzu Jauregi (Hernaniko Berdintasun Teknikaria) eta Lurdes Mendez (Antropologian katedraduna).
• 12:00etan, Euskal Herriko Bilgune Feministaren proposamena eta lan taldeetan eztabaida.
• Ondoren, bazkaria.

(Haurtzaindegi zerbitzua egongo da).

Neska Gazte Feministen oharra:

Bueltan eta indartsu.

Bizi gera esaten du euskal abesti batek eta haren esanari jarraiki, hemen gatoz berriro bizi bezain bitxi.

Kontua da, neska gazte bezala ase gabe jarraitzen dugula oraindik, Hernanin, gutaz, gure identitateaz, ezer gutxi eztabaidatu genuen eta gehiagoren egarriz gelditu ginen asko.

Iazko maiatzeko topaketetara botatzen badugu begirada, akordatuko gara mugimendu feministan ematen ari ziren/diren eztabaida batzuk bertaratu genituela, baina zurrunbilo more horretan neska gazte bezala bizi dugun errealitatearen isla hanka-motx gelditu zen. Ondorio horren harira, uste dugu badela garaia gure errealitateaz geuk hitz egiteko, neska gazte izateak suposatzen duenaz eztabaidatzeko, elkarrekin nolako herria nahi dugun esna gaudela amesteko, eta nola ez, berriro gu guztion bideak gurutzatzeko.

Guzti honetaz hausnartzeko Hausnarketa Festa Eguna antolatu asmo dugu martxoan. Ezinbestekoa da guztion ekarpena eta beti bezala zurekin oroitu gara, asko baituzu esateko eta eskaintzeko! Horregatik, datorren ostiralean (otsailak 18) 18:00etan Donostiako Craj-en burutuko den Jaikiko asanbladan parte hartzeko gonbidapen luzatzen dizugu.

Asanblada horretan Hausnarketa-festa eguna-ren inguruan hitz egiteaz gain, kanpora begirako zabalpenerako argazki bat ere aterako dugu. Beraz! Ez ahaztu zure kuleroak ekartzea!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun