Unai Elorriaga eta Laura Mintegi: "Larunbateko manifestaldira biltzeko deia egiten diegu euskal herritarrei"

[cc-by-sa 27 sinatzaileak - Zuzeu.com] Hemen bilduta gauden kultur eragileok euskal jendarteari larunbateko manifestazioarekin bat egin dezan dei egin nahi diogu. Ezinbestekoa iruditzen zaigu abian dagoen bake prozesu honek herritarren bultzada hartzea, talde politiko eta ideologia guztien gainetik; azken finean euskal herritarron ardura zuzena baita gure herriarentzat beste eszenatoki bat eraikitzea, bakean eta eskubide sozial, eta politiko guztien jabe izanik. Manifestazioko deitzaileek bezala, guk ere argi ikusten dugu ezin dugula abagune hau besterik gabe pasatzen utzi, eta era berean, argi dugu euskal herritarrak ezin dugula prozesu honetan ikusle hutsak izan. Bakoitzak bere txikitik eta txokotik, eragin egin behar dugu, giro bat sortu, bultza eta itxaropena gorpuztu beste errealitate bat gauzatu dadin. Historiaren gidoia idaztea batez ere gure esku dagoela ulertzen dugu. Eta gidoi hori egunero idazten da, egunero idazten dugu. Ohar gaitezen. Argazkian, legalizazioaren aldeko kartelak / cc-by-sa Zuzeu.com - LGPL egile ezezaguna.

Munduan ikusten ari gara egunotan herritarren bultzadak eta mobilizazioak mugarik ez duela eta errealitate berriak sortzeko gaitasuna gure baitan dagoela. Baina gaitasun horri plaza bat eman behar zaio, gal ez dadin. Guk, gure neurriko plaza kulturan aurkitu dugu. Han elkartzen gara euskal jendarte zabalenarekin, eta handik ikusi dugu herri honen aldaketarako desioa. Aldaketa, bakerantz, eta herritar oro bere eskubide zibil eta politiko guztien jabe izango den egun baterantz.

Kulturaren plazan bizi garenok, sortu diren ildo berrietan gure ekarpena egitera gatoz. Euskal Herriko eszenatokian burutzen ari den une historiko honetan, denok izan behar dugu protagonista, euskal herritar orok bere eragiteko eskubidea obratu behar du, eta horregatik, guk, larunbateko manifestaldira biltzeko deia egiten diegu euskal herritarrei.

Sinatzaileak: Fermin Muguruza, musikaria. Unai Elorriaga, idazlea. Jon Maia, bertsolaria; Bernardo Atxaga, idazlea; Gorka Urbizu, musikaria; Amets Arzallus, bertsolaria; Gari, musikaria; Andoni Egaña, bertsolaria; Eñaut Elorrieta, musikaria; Mikel Urdangarin, musikaria; Eider Rodriguez, idazlea; Irati Jimenez, idazlea; Harkaitz San Vicente, musikaria; Joxe Azurmendi, idazlea; Laura Mintegi, idazlea; Jon Sarasua, bertsolaria; Sebastian Lizaso, bertsolaria; Asier Altuna, zine zuzendaria; Unai Iturriaga, bertsolaria; Aiora Zulaika, pailazoa; Joxe Mari Agirretxe, pailazoa; Uxue Alberdi, bertsolaria; Keixeta, margolaria; Iñaki Ortiz de Villalva, musikaria; Jon Benito, idazlea; Rafa Rueda, musikaria; Josu Zabala, musikaria
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun