Euskal pornoari buruzko eztabaida saretik isurtzen ari da

Euskal pornoa edo #euskalporn etiketa Twitter sare sozialean nagusitzen ari da atzo zein gaur, "trending topic" edo tendentzia-gaia, hots, gairik errepikatuenetariko bat bihurtu dela. Internautek euskarazko film porno bat egitekotan, zein titulu emango litzaiokeen proposatzen eman dituzte ehunaka mezu eta ordu. Gainera, era horretan internauten ohituretara garai berriak heldu direla ikusi ahal izan da, aspaldidanik hona #notimeforlove, #freebatasuna edo horiek bezalako beste politika inguruko etiketek baino ez zuten lortu tendentzia-gaia bihurtzea. "Zurrup eta klik!", "Lujuria Enea", "Ajuria Esnea", "Goizero! Goizero!… Jeiki orduko…!", "Urrutiko txorrak hamalau (cm), gerturatu eta lau" dira internautek proposaturiko izen irrigarri batzuk. Halere, tartean, filma jada eginda dagoela zabaldu da, "Marranas con ganas" film pornoaren euskarazko bikoizketa aurkeztu baitzen 2008ko apirilean Barakaldon egindako Euskalsex azokan. Argazkian, "Marranas con ganas" DVDren azala / © DIVA films.

Albistea, baina, berdin izan zaie internauta euskaldunei eta bereari jarraitu diote, haien hazia jarriz. Bitartean, internauta espainol batzuen heziketa falta islatu da, espainolez honelako mezuak idatzi dituztela: "#euskalporn-en tweet-ak ez daude euskaraz, kontua da zakila ahoan idazten dituztela..." edo "Ez naiz #euskalporn TT-ren ezertaz jabetzen, euskaraz idatzita dagoelako. Hainbeste kostatzen da espainolez jartzea? XD". Adibide gehiago irakurtzeko eta parte hartzeko haria hemen jarraitu daiteke.

Prentsa barregarri gelditzen

Bitartean, Twitterren irakurri eta albistea sortu duten kazetariak ere izan dira, tartean sortu baino hanka edo beste zer edo zer sartu egin dutenak. Horrela, Noticias taldeko "Noticias de Navarra"-k "Marranas con ganas" filma euskaraz "aste hauetan" estreinatu dela saldu zuen atzo, "hizkuntz-normalizaziorako beste urrats bat" bezala aurkeztuz. "Deia"-k ere, gaurkotasuna eman zion atzo gaiari eta Barakaldoko alkateak Euskalsex azoka zabaldu zuela orainaldian jarri zuen. Halere, bizkorrago ibili eta jada "albistea" kendu dute webgunetik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun