Gintonic taldeak itxiko du gaur “Neguko bidaia” musika zikloa Areetan

Gintonic jazz laukotearen emanaldiarekin bukatuko da gaur, ostirala, “Neguko bidaia” errezitaldi-solasaldi zikloaren hirugarren edizioa, Andres Isasi udal Musika Eskolak antolatuta. Kontzertua 19:15ean hasiko da eta sarreraren prezioa lau eurokoa izango da. Gintonic laukotea Mario Clavell tokiko irakasle eta flautistak eratu zuen. Ramon Escobar, Dabid Martin eta Eduardo Lazurtegi taldekideak ere ibilbide handiko eta mundu osoko agertokietan esperientzia zabala duten musikariak dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zentro ospetsuenetako irakasleak dira. Laukotearen jarduera-eremua jazza da, baina euren errepertorioak toki arruntetatik ihes egiten du eta rock, world-music edo tangotik datozen musiketan barneratzen da. Josu Loroño Komunikazioko zinegotziak eta Andres Isasi Musika Eskolako presidenteak bere poza adierazi du, “Neguko bidaia” kontzertu-didaktiko programari publikoak emandako erantzun onaren aurrean. Argazkian, Areetako Andres Isasi musika eskolan izango da emanaldia / cc-by-nc-sa Agirregabiria.

“Hiru urte pasatu ondoren, musika eskolak eskaintzen duen egitarau zabalaren barruan finkatuta dago ekimena. Entzundako kontzertu bakoitza ezberdina izan da: barrokoa, folk, lirikoa, ganbarakoa eta jazza. Gainera, musikarien eta entzuleen artean lortutako interakzio maila altuak ildo horretatik jarraitzera eta datorren urteko edizioan pentsatzera animatzen gaitu”, azpimarratu duenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun