Gazte independentistak: "Utzi euskal gazteria bakean!"

Euskal Herrian egiten den lanaren zilegitasunaren patroia nork inposatu nahi duen begi bistakoa da; oilarrak arrautzarik erruten ez duela bezain begi bistakoa. Espainiar eta frantziar estatuek bizia daramate ezker abertzaleak eta bereziki gazteok politikoki, ekonomikoki zein sozialki herri justuagoaren alde egiten dugun lana kriminalizatzen. Euren komenientziara egindako lege antidemokratikoen bidez ilegalizatu gintuzten, baita terrorista izendatu ere hatz erakuslearekin gutako bakoitza seinalatuz, euren polizien armekin gutako bakoitza begi puntuan ezarriz. Harresirik eta mugarik gabeko bidea ireki zuten gutako bakoitza atxilotu, torturatu eta espetxeratzeko. Ez dira gutxi izan. Gaur 2010eko urriaren 23ko sarekadatik ihes egitea lortu zuten zortzi gazte atera dira kalera hain zuzen ere gure lanaren zilegitasuna berretsi eta euren borrokarako konpromisoa agertuz. Poliziak gazte hauen etxeetara bortizki sartu ziren gau ilun hartan kriminalik arriskutsuenak balira bezala. Argazkian, zortzi gazteak atxilotzen saiatu ziren operazioan Imanol Beristain itzubaltzetarra atxiki zuten.

Eta ze arraio! Arriskutsuak bagara! Espainiar eta frantziar estatuek mantentzen duten sistema kapitalista eta patriarkarra zalantzan jartzen dugun heinean arriskutsuak gara. Bestelako eredu ekonomikoak bultzatzen ditugun heinean arriskutsuak gara. Kalean gazteriarekin etorkizun hobearen alde lan egiten dugun heinean arriskutsuak gara. Herri honen oraina eta etorkizuna garenez arriskutsuak gara. Baina ez kriminalak. Aiala, Aitziber, Xalba, Yazint, Bergoi, Irati, Beñat eta Endika unibertsitatean ikasleon eskubideen alde lanean ziharduten gazteak dira.

Gaztetxean bestelako aisialdi ereduaren alde lanean ari ziren gazteak ziren. Herriko gazteriarekin harremana hobetzeko proiektu komunikatiboak eraikitzen ari ziren. Emakumeon eskubideen alde borrokan ari ziren. Eta guzti hori egiten zuten bitartean gazte independentistok helburu dugun bestelako Euskal Herria eraikitzen ari ziren. Politika -bulego zurietatik urrun- herritik herrira, eskutik eskura egiten ari ziren. Hori da leporatzen zaien krimena.

Hemendik gure besarkadarik bero eta iraultzaileena helarazi nahi diegu zortzi lagunei eta baita euren senide eta lagunei ere, hainbeste hilabeteren ostean elkar ukitzeko eta berotasuna emateko moduan baitira. Aupa zuek!

Kalera atera dira eta borrokarako hautu sendoarekin gainera. Itxialdia burutuko dute datozen egunetan eskubide zibil eta politikoen alde. Jakin badakigu eta honezkero PSOEren gobernua epaileei harietatik tiraka ibiliko zaiela zortzi gazteok ahal bezain laster espainiaratzeko. Hori guztia noski UMPren ezinbesteko laguntzarekin. Euroagindu eskaerekin argi geratzen baita guri mugak jartzen dizkiguten bitartean eurek etxean bezala dabiltzala alde batetik bestera, inpunitate osoz sudurraren puntan jartzen zaiena egiten.

Azken hilabeteotan –eta urriaren 23ko sarekada harekin, besteak beste– argi erakutsi du espainiar gobernuak minimo demokratikoen alde jarduteko duen borondate eza. Gero eta sinestezinagoa da hauek demokrazia ulertzeko duten modu bitxia. Ezker abertzaleak 2009aren azken hondarrean abiatu zen prozesuaz geroztik urrats esanguratsuak eman ditu Euskal Herriak behar duen burujabetza lortzera bidean. Eta horretarako ezinbestekoa da, noski, minimo demokratikoen eskurapena, guztiok aukera berdinetan leia politikoan aritzeko aukera. Ildo horretan kokatzen dira Bruselako Adierazpena, Gernikako Akordioa eta Euskadi Ta Askatasunaren su eten adierazpena. Espainiar eta frantziar estatuen apustua errepresioa hitz larrietan izan da, esan bezala. Gogoratu beharrekoa da iazko udazkenaz geroztik gazte independentiston aurkako hiru sarekada burutu dituztela espainiar indar polizialek. Hiru urtebetean, bi bi hilabeteren bueltan.

Baina ez dezatela pentsa etsi dugunik. Gazte independentistok lanean jarraitzeko dugun konpromisoa irmoa da. Zilegitasuna ez baitute ematen edo kentzen epaile edo poliziek. Are gutxiago politikari ustelek. Gazte independentistoi zilegitasuna egunero burutzen dugun lanak ematen digu, eta euskal gazteriak ematen digu. Gainerako iritzi eta aurreiritzi guztiak soberan daude, doazela pikutara! Independentzia eta sozialismoa dugu iparra eta horra bidean iparrorratza beti daramagu poltsikoan badaezpada ere. Bidean zuloak egingo dituzte, hormak eraikiko dituzte eta bultza egingo digute amildegian behera erori arazteko, baina daudela ziur ez garela galduko. Handik ez bada hemendik, baina iritsiko gara tontorrera. Gu gara oraina, gu gara geroa!

Azkenik ostiralean, hilak 25, 19:00etan Donibane Garazin egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen diogu euskal gazteriari.

Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun