Martxoan amaituko dute Zabala kaleko babespeko apartamentuak zaharberritzen

Datorren hilabetean amaituko dituzte Algortako Juan Bautista Zabala kaleko 3. zenbakian dauden babespeko apartamentuak zaharberritzeko eta irisgarriago egiteko lanak eta, ondoren, apirilean sartu ahal izango dira herritarrak bizitzera, udal iturriek adierazi dutenez. Etxebizitzak egokitzeaz gain, igogailua jarri, oztopo arkitektonikoak kendu eta guztiek partekatzeko gunea egokitu dute, 237.176 euroko aurrekontuarekin. 12 apartamendu berriak, 30/40 metro koadrokoak dira eta gela bat (beharren arabera, pertsona bakar batentzat edo bikote batentzat egokituta), sukaldea, komuna eta egongela dituzte. Mota horretako etxebizitzetan gehienez bi pertsona bizi ahal izango dira; bere kasa baliatzen diren 60 urtetik gorako adinekoak, alegia. Helburua pertsona horiek bizi diren inguruan zaintzea da, egoitza batean sartu beharrik gabe eta, aldi berean, komunitatearen bizitzan parte hartzeko aukera eskainiz. Argazkian, Elena Coria eta Imanol Landa Getxoko Gizarte Zerbitzuen bulegoan, artxiboko irudian / © Getxoko Udala.

Itzubaltzeta / Romoko “Lope de Vega eta Luis Lopez Oses kaleetan ditugunekin batera, alojamendu mota honen eskaintza areagotzeko esfortzu handia egin dugu oso garrantzitsutzat jotzen dugulako edadetuen beharrei erantzuna ematea.Gure konpromisoa da eta, horregatik, oso harro eta pozik gaude Getxo aitzindaria izan zelako 1992an zerbitzua martxan jartzen”, azaldu du Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Gainera, “puntakoak gara Bizkaian, egitura hau Gizarte Zerbitzuen Legea onartu aurretik garatzen ari garelako”, gaineratu du agintariak. Udalak une honetan babespeko 51 apartamendu ditu: Zabalan aipatutakoez gain, beste hamaika daude Lope de Vega kalean; eta Luis Lopez Oses-en 28 gehiago. Babespeko apartamendu batean sartzeko, azkeneko bost urteotan etenik gabe udalerrian erroldatuta egotea beharrezkoa da, edo hamabost urtez azken hogeita hamar urteotan. Gainera ez dute jabetzako etxebizitzarik eduki behar edo edukitzekotan apartamentuen dekretuak arautzen dituen ezohiko egoeratan egon behar dira. Apartamentuetan sartu ahal izateko eskabidea eta agiriak Udaleko Gizarte Zerbitzuetan eman behar dituzte interesatuek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun