Xabier Kintana: "Ustea ez da jakitea"

Xabier Kintana - Deia.com] Arlo guztietan, zientziek aurrera egin ahala, lehenagoko sinesteak aldatu eta, berriagoen eraginez, baliogabe gelditzen dira. Halere, belaunaldi bakoitzak eskolan ikasirikoa luzaro gordetzeko joera izaten du, eta kosta egiten zaio antzinako azalpen zaharkituak gainetik astintzea. Inertzia edo, nahiago bada, nagikeria horregatik normala izaten da, adibidez, gure eguzki-sisteman inguruan eraztuna duen planeta bakarra Saturno dela pentsatzea. Izan ere, Galileok, jada XVII. mendearen hasieran ezaugarri bitxi hori aurkitu zion. Baina, gutxiagok dakite, seguruenez, 1977tik hona Urano, Jupiter eta Neptunori ere antzeko eraztunak aurkitu zaizkiela, datu horiek gaurko entziklopedia guztietan, Google-n barne, aspaldian ageri diren arren.

Era berean, gutariko askori eskolan lehen gizakiak Adam eta Eva izan zirela irakatsi arren, Jainkoak buztinaz eginak, gaur, gure artean behintzat, ia mundu guztiak onartzen du hori behialako azalpen didaktikoa besterik ez zela, gizakiaren sorrera azaltzeko, Darwinek eboluzioaren teoria aurkitu arte sinesten zena. Garai batean ume txikiei haurrak Parisetik zikoinak ekartzen zituela esaten zitzaien bezala, Eibarren salbu, horra, gauza jakina denez, umeak Arrate menditik heltzen dira eta.

Euskal gaiak

Euskal gaiak ere aspaldion gure irakaskuntzako programetan daude, nahiz eta, ene ustez, ez behar bezain ongi eta sakonki. Edonola ere, autonomia aurreko belaunaldietako euskal herritar asko, eskolan jasoriko erdal kultura esklusiboagatik, oso harro daude, "gure asaba galiarrak", Errege-erregina katolikoak, Cisneros edo Richelieu kardinalak, Pizarro konkistatzailea edo Molière, Calderón edota Moratín aita-seme teatrogileak nortzuk ziren dakitelako, baina Margarita Nafarroakoa, Joana Albretekoa, Etxepare, Leizarraga, Oihenarte, Axular, Larramendi, Mogel, Xaho, Azkue edo Lizardiz galdetuz gero, beldur naiz askotxok ez ote luketen zer esan jakinen, beren buruak pertsona eskolatutzat eduki arren. Eta, bertoko kulturarik ezagatik, Euskal Herriaz dakitena, askotan hutsa edota okerra da, faltsua, eta maiz erabat desfasaturik dago.

Inguruko Estatuetako irakaskuntzak hertsikeria osoaz gure artean ereiten eta lantzen ziharduen inperialismo kulturalari aurre egiteko, hasierako euskal abertzaletasunak, euskal kulturaren dibulgazioari ekin zion, eta bertoko balioen aldeko ideiak, pozgarriak bezain goresleak, bultzatu zituen. Horiek, nolabait, itotzen gintuen arrozkeriaren aurkako babesgarri izan ziren, euskaldunok geure herriko balio propioez harro senti gintezen.

Europako hizkuntzak

Erdaldunek euskararen aurka lau haizeetara barreiatzen zituzten aurreiritzien aurka (dialekto mesprezagarri eta baliogabea zela, historia eta gramatikarik gabea, goi mailako kontzeptuak adierazteko ez hitzik ez sormenik zuena, elkar aditu ezineko dialekto barregarrietan banatua, kaletar eta zientzia mailako lexikorik gabea, erdaldunak hona heldu arte euskaldunok ezjakin hutsak ginela...), latin-jatorrizkoa ez izateari bestelako merezimendua aurkitu nahi izan zitzaion: euskara ez zela latinetik zetorren dialekto erromanikoa; areago oraindik, indoeuroparrak gure kontinentera iritsi baino lehenagoko hizkuntza miresgarria zela.

Horrela, ustekabean, euskara Europako hizkuntzetarik urtetsuena bihurtu zitzaigun, eta dauzkan sustrai sakonak harri-aroraino heltzen ziren, aitzur, aizkora, aizto, aiztur bezalako hitzek erakusten omen zutenez, guztiak, antza, haitz erro zaharretik sortuak, antzinako gizakiek, gauza jakina denez, hasierako lanabesak harriekin egiten zituzten eta. Era horretako azalpenak behin eta berriro errepikatu dira gaur arte, eta euskaldunon belaunaldi askori geure mintzaira, historiaurre eta nortasunaz harro egoteko arrazoiak eskaini dizkigute.

Zoritxarrez, geroago, bai bertoko eta bai atzerriko beste hizkuntzalari batzuek ere, berba horiek segurenik latinetik helduriko mailegu zaharrak zirela irakatsi ziguten. Gainera, munduko hizkuntza guztiak lehenagoko beste mintzaira-fase batzuetatik datozela kontuan hartzen badugu, begien bistan dago den-denek adin berekoak izan behar dutela, izaki bizidunen antzera, atzera joan ahala, aitona-amona zaharrenek ere aurretik gurasoak eta asaba zaharragoak izaten zituzten eta.

Horrexegatik, nik uste, oinarrizko kontzeptu batzuk behar den bezalako logikaz eta gaurko zientzien arabera azaldu beharko genituzke euskaldunok ere, garai bateko ipuin zaharrak, jada gaindituak, premiarik gabe beti errepikatzen ez ibiltzeko.

Zein zaharragoa?

Badira, Koldo Mitxelenak inoiz gogorarazten zigunez, classical fallacies edo falazia klasikoak deituriko egiantzeko gezurrak, beti gauzak oker ulertu eta halaxe erantzutera behartzen gaituztenak. Horrela, jendeari, euskara ala erdara, ea bietako zein den hizkuntza zaharragoa galdetzen zaionean, gehienek, inolako zalantzarik gabe, zaharrena euskara dela erantzuten dute. Ez dira konturatzen, ordea, galderak berak barruan ezkutatzen duen maltzurkeriaz.

Izan ere, gaztelania edo frantsesa aipatzen ditugunean, azken mende hauetan mintzatzen diren hizkuntza ondo mugatuak adierazten ditugu. Halere, euskara diogunean, –greziera edo pertsiera esatean bezalatsu– izen horrekin oraingo mintzairaz gainera, berdin aipa genezake, orain dela bi edo hiru mila urte hitz egiten zena, ordukoari, zehatzago adierazteko, aitzineuskara edo gaurko euskararen aurrekoa deitu beharko geniokeen arren. Beraz, erromatarren film bat ikusi dut esatean, horrela berdin adieraz daiteke a) Italiako oraingo hiriburuaren bizimodua italieraz erakusten duena, zein b) latinez mintzo ziren garaian, Julio Caesarren hilketa antzezten duena. Eta, horrexegatik, euskara izenak ere errealitate oso ezberdinak eskaini edo ezkuta ditzake, bakoitzaren gertatze-data islatu gabe.

Aldatu eta eguneratu

Guztiok dakigunez, hizkuntza horrek izen berbera daraman arren, ez da gauza bera oraingo grezieraz (modernoaz) jakin edo mintzatzea eta Aristotelesen garaiko grezieraz (klasikoaz) jardutea, eta, orduko idazkera gaur arte aldatu ez bada ere, Greziako antzinako hiriburuari Athenai esaten zitzaion, baina oraingoaren ebakera, ordea, azini dugu. Arrazoi berberagatik, munduan egiten diren hizkuntzak oro eten gabe aldatzen eta eboluzionatzen ari dira, -bizirik daudelako seinale, bestalde- gainerako bizidun guztietan bezala, bizitzeak haztea eta aldatzea esan nahi duelako. Horrexegatik, bizirik dagoen arbolak beti abar, hosto, lore eta fruitu berriak ematen diharduen bezala, ez dago, ezin egon daiteke, aldaketarik gabeko hizkuntza bizirik ere, beti berdin dirauena hila edo fosila delako.

Gurean ere gauza bera jazotzen da, gure mintzairak gaur duen formari eta antzina izan zuenari normalean izen berbera ematen diogun arren: euskara. Horrexegatik, dakigunetik, gaurko gizon, seme, emazte edo aita, duela bi mila urte, kizon, senbe, emagazte eta ata ziren euskara zaharrean, gaurkoa eta ordukoa, enbor beretik badatoz ere, denborarekin aldatuak direlako. Guk orain dugun itxura eta hamar urterekin genuena, pertsona berberarena izanik ere, urteekin ezberdindu diren bezalatsu.

Ez da zaharragoa Orduan, zer? Euskara ez ote da inguruko erdarak baino zaharragoa? Ba, era absolutuan hitz eginez: ez, une honetan munduan mintzatzen diren hizkuntza guztiak, aurreko fase batetik helduak diren neurrian, adin berekoak direlako, eta den-denak antzina hizketan hasi ziren lehen gizakien denboraraino heltzen dira.

Baina bada, ordea, beste ikuspuntu bat: zahartasun erlatiboa. Hau da, hizkuntzak toki berean kokaturik edo txertaturik daraman denbora. Alde horretatik, era absolutuan euskara, kitxua eta gaztelania adin bereko mintzairak diren arren, begien bistan da Amerikan kitxua zaharragoa dela espainiera baino, espainol kolonoak hara heldu zirenerako, jada Andeetako biztanleek mende asko zeramatelako han bertako hizkuntzaz berbetan. Horixe bera ulertu behar da gureagatik ere: Euskal Herrian euskara espainiera edo frantsesa baino askoz lehenagokoa da. Izan ere, erdara bi horien jatorria, azken buruan Italian da, latinean, eta erromatarrek duela bi mila urte inguru ekarri zuten hona. Baina garai hartako euskaldunek jada oraingo euskararen forma zaharrean (aitzineuskaraz) hitz egiten zuten.

Horrek esan nahi du, berton erroturik zaharrena izan arren, euskara, adin absolutuan, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta munduko beste edozein hizkuntza bezain urtetsua dela, eta, beraz, beste mintzaira horiek guztiak legez, lehenagoko, oraingo eta geroko giza ekintzak oro adierazteko gai, inolako mugarik gabea.

besteak bezain normala Historian zehar euskarak beste hizkun-tzetatik berba batzuk hartu izan ditu, jende arrotzez inguraturik egon diren gainerako mintzairen antzera, hau da, munduko guzti-guztien parean, ez baita inon auzo edo bisitaririk gabeko giza talderik, eta hitz mailegatu horiek, bestalde, kultur eta merkataritza-harremanen ondorio normalak izaten dira. Ez da horregatik zer ezkutatu, ez eta ezeren lotsa izan beharrik ere. Beste hizkuntza batzuetatik berba mailegatuak izateak, azken buruan, gure berbeta ere, zentzurik hoberenean, mintzaira normala dela esan nahi du, hots, mundu honetakoa, oraindik puristaren batek bestela pentsatu arren.

Xabier Kintana euskaltzain erandioztarrak "Deia" egunkarian pasa den larunbatean argitaratutako artikulua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun