Berdintasunerako laguntzak murriztu ditu Getxoko Udalak

Getxoko Udalak 18.714 euro zuzenduko ditu aurten gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta emakumeen jarduerak laguntzeko. Iaz, berriz, 21.066 euro sartu zituen aurrekontuan horretarako, azkenean laguntzetan 19.000 euro baino ez zituela banatu. Hortaz, parekidetasuna bultzatzeko aurrekontua eta gastu erreala %11,16 eta %1,51 murriztu ditu EAJko Udal Gobernuak, hurrenez hurren. Elkarte eta pertsona interesatuek martxoaren 19ra arte egin ahal izango dute eskaera. Argazkian, Getxoko emakumeen elkarteak horma-irudia egiten Emakumeen Nazioarteko Egunean / cc-by-nc-sa Urtzi Altube - Ilanda.eu.

Keltse Eiguren Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak arrazoitu du laguntzen beharra “ulertzen dugulako berdintasun erreala lortzeko bidean aurreratzeko prozesuan emakume elkarteaz gain, beste pertsona eta eragileen inplikazioa beharrezkoa dugula”, adierazi duenez.

Diru-laguntzak honelako jarduera hauetarako jaso ahal izango dira: emakumeen parte hartze politikoa eta soziala sustatzeko; emakume gazteek elkarteetan parte hartzeko; emakumeei aholkua eta informazioa emateko; emakumeek edota gizonek aukera berdintasunak kontzientzia hartzeko; estereotipoak eta genero rolak gainditzeko; eta emakumeen egoera eta lekua eremu guztietan hobetzeko. Aurten, berriz, partida horretan Udalak ez ditu emakumeentzako animazio soziokulturaleko programak lagunduko.

Deialdia eskatzeko honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskatzaileek: pertsona fisikoak edo dirua irabazteko asmorik gabeko erakundea izatea eta egoitza soziala udalerrian izatea, eta aipatutako helburua duten proiektuak edo programak aurrera eraman ahal izatea. Elkarte edo fundazio izaera duten erakundeak Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan eta Getxoko Erakundeen Udal Erregistroan izena emanda egon beharko dira.

Eskaerak udaletxean, udalerriko Herritarren Arreta Bulegoetan eta Legeak aurreikusten dituen tokietan aurkeztu ahal izango dituzte interesatuek. Argibide gehiagorako Getxo.net udal web gunea begira daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun