"Urtebete gehiagoz edo" luzatuko dira Maidagango pasagunea lurperatzeko lanak

Maidagango pasagunea lurperatzeko lanak aurrera doaz, Metro Bilbao garraio enpresako arduradunek gaur adierazi dutenez. Bidezabalgo geltokian emandako prentsaurrekoan, obren "konplexutasuna" izan dute hizpide. Algorta eta Berango arteko trenen zirkulazioari eusteko, hainbat arreta eta babes neurri hartu behar izan dituzte azken sei hilabetetan. Horien artean, behin-behineko trenbide bakarra jarri behar izan zuten Bidezabal eta Ibarbengoa-Getxo geltokien artean, trenaren zerbitzua eten behar ez izateko. Aipatu errailen ondoan, lurperatutako trenbidea eraikitzea ahalbidetuko duten euspen-hormak jartzen amaitzen ari dira. Lehenengo fase hori osatu eta gero, Aste Santurako trenbide berria hartuko duen lurpeko hormigoizko kutxa egiten hastea espero dute. Lan horiek "urtebetez edo" luzatuko dira, Metro Bilbaoko arduradunen arabera. Argazkian, metroa obren ondotik igarotzen.

Zirkulazioa eta indusketa bateratu ahal izateko, pantaila batzuk jarri behar izan dituzte Maidagan kalearen eta Ormazako zubiaren artean; kilometro bateko tartean, gutxi gora behera. Bidezabalgo geltokitik urrutien dagoen aldetik hasita, duela aste batzuk, trenak ibiltzen diren erraietatik gertuen dagoen aldera heldu dira, garraio enpresakoek zehaztu dutenez. Zehazki, funtzionatzen ari den trenbidetik oso gertu erabiltzen ari ziren makina astunen ondorioz, prebentzio neurri bereziak hartu behar izan dituzte, segurtasuna bermatzeko. Neurri horiek urtebetez edo luzatuko dira, lurpeko zati berri hori eraikitzen amaitu arte.

Neurri bereziak

Trenak motelago doaz 700 metrotan eta, ondorioz, minutu batzuk luzatu da bidaiaren iraupena. 400 mero inguruko zatian, trenek ezin dute 20 kilometro ordu baino azkarrago joan eta, beste 300 metrotan, 30 kilometro orduko abiaduran (normalean 60 kilometro ordura joan behar dute) ibili behar dute. Muga hori astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 22:00etara, eta larunbatetan, 8:00etatik 14:00etara, dago indarrean. Aldi berean, obren eremua seinaleztatu dute eta ATP sistemaren (babes-sistema automatikoa) zirkulazio parametroak aldatu dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun