Getxoko ezker abertzalea: "Zure ahotsa, gure hitza!"

Egunerokoan gero eta gehiago entzuten ditugu langabezia igoera etengabearen datuak, langileak kaleratzeko gero eta erraztasun gehiago dagoela, familien zorpetze tasa handiak, lanaren prekarizazioa, lan istripuen ugaritzea... Honi guztiari gobernuek ezartzen dituzten “ajusteak” gehitu behar dizkiogu; pentsioen murrizketa, jubilazio adinaren luzatzea, korrupzioa, iruzur fiskala eta aberatsenentzat pribilejioen mantentzea langileriaren bizkar. Gainera bankuen kudeaketa txarraren ondorioa den finantza krisia langile guztien diruarekin ordaintzen ari gara. Ustelkeria eta entxufismoarekin batera emakumeen eskubideei, gazteei, euskarari, etorkinei, ama-lurrari edota hezkuntza sistemari eginiko erasoak ditugu. Egoera honek bere arduradunak ditu. Krisi gordin honetara eraman gaituztenek neurri eta errezeta berdinekin krisitik aterako gaituztela sinestarazi nahi digute. Argazkian, joan den larunbatean herri programa ekimenaren berri (mp3) eman zuten Algortan eta Itzubaltzeta / Romon.

EAJ, PP eta PSE dira krisira eraman gaituen sistema neoliberalaren bultzatzaile eta defendatzaileak. Ez da soilik eredu ekonomiko baten krisia, krisi politikoa da, soziala, baloreena. Aldaketa azkar eta sakona behar dugu. Derrigorrezkoa dugu egungo eredu politiko eta sozioekonomikoa errotik aldatzea eta nazio eta herritar gisa dagozkigun eskubideak garatzeko aukerak irekitzea.

Orain arteko politikaren ardatzak errotik aldatzeko garaia da beraz eta zure esku dago. Aldaketaren eragile izateko ordua da. Aldaketaren gidaria izan. Oraingoan bai. Zure ahotsa, gure hitza!

Herritarren ahotsa jaso ahal izateko bitartekoak jarriko ditugu, zure ahotsa entzuteko, udaletan herritarren parte hartzea bultzatu dugulako eta bultzatu nahi dugulako, Euskal Herria eta herritarrak direlako gure helburu.

Horregatik herri programaren osaketarako, abertzale, ezkertiar eta independentisten parte hartzea bilatzen dugu, herrietan eta auzoetan. Gaur bertan Getxon kalera irten gara, bai Algortan eta bai Itzubaltzeta-Romon.

Denon artean herri programa osatuko dugu.

- Krisiak sortzen dituen arazoak ukitzen dituen herri programa.
- Euskal Herrian irekitzen ari den prozesu demokratikoa dastatuko duen herri programa.
- Haize freskoa ekarriko duen eta benetako aldaketa politiko eta soziala eragingo duen herri programa.
- Getxoko bazter guztietan euskaraz mintzatuko den herri programa.
- Emakumeen ahotsaz entzungo den herri programa.
- Amalurra gure herritik bertatik babestuz, porlanaren hedapena Getxon geldiaraziko duen herri programa.
- Kultura ikuskizuna baino, jendearen kultur ekintza eta parte hartzea jorratuko duen herri programa.
- Nagusiekin hitz egitera eseriko den eta gazteekin musika eta hitza izango duen herri programa.
- Eskuz idatzitako eta sarean zabalduko den herri programa.

Denon artean osatuko dugu herri programa. Parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu eta bide horretan zure ahotsa gure hitza izango da.

Getxoko ezker abertzalea
herriprograma2011.net/getxo

Ikusi larunbateko ekimenen argazkiak:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun