Lankidetza hitzarmena izenpetu dute Fadura institutuak eta Getxoko Udalak

Badira urteak ekonomia sustatu eta laneratzeko proiektuak garatzeko elkarlanean ari direla Algortako Fadura Goi Mailako Lanbide Heziketa Institutua eta Getxoko Udala. Lankidetza hori formalizatu eta indartzeko hitzarmena izenpetu dute gaur erakunde biek. Batetik, Getxolan zerbitzuaren bitartez, akordioan bertan aurreikusitako gaiei buruz hezkuntza zentroak egindako eskaera guztiak betetzeko baliabideak eta pertsonal teknikoa jartzeko konpromisoa hartu du tokiko erakundeak. Fadura Institutuak, bere aldetik, udalerriko bizilagunen enplegarritasuna hobetzeko Getxolanen baliabideak erabiltzeko konpromisoa hartu du, ikasleentzat zein irakasleentzat jarduerak sustatuz, Zigor Isuskiza zuzendariak (mp3) azaldu duenez. Ildo horretan, arreta berezia eskainiko diete laneratzeko zailtasun bereziak dituzten lagunei: laneratzeko hitzarmenak dituzten pertsonak, 45 urte baino gehiago dituztenak, denbora luzez langabezian egon direnak, familiako ardura duten andrazkoak, atzerritarrak eta desgaituak, hurrenez hurren. Argazkian, Imanol Landa alkatea Fadura institutuan bisitan / © Getxoko Udala.

Imanol Landa alkateak adierazi duenez (mp3), “krisialdi garai honetan, Udalaren helburu nagusienetariko bat enplegua bultzatzen duten politika aktiboak sortzea da, batez ere zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzekoak direnak". "Beste erakunde sozialekin eta enpresa pribatuekin akordioak sinatuz egiten ari garen bezala, Fadura institutuarekin izenpetutako lankidetza hitzarmenak hezkuntza sistema eta lan merkatua hurbiltzeko mekanismoak eta jarduera osagarriak ezarri nahi ditu, udalerrian ekonomia eta lana sustatzeko helburuarekin”, gaineratu du tokiko agintariak.

Fadura institutua

Goi Mailako Lanbide Heziketako Fadura Institutuak Prestakuntza Arautua (DBH, Zientzietako eta Teknologiako Batxilergoa) eskaintzen du, hala nola, heziketa zikloak eta lanerako trebakuntza, etengabekoa zein okupazionala, hainbat lanbide arlotan: elektrizitatea, elektronika eta komunikazioak, fabrikazio mekanikoa, berez dabiltzan ibilgailuen mantentzea (automozioa), osasuna eta giza-kultur eta komunitate zerbitzuak, besteak beste. Punta-puntako zentroa da bere jardueratan, eta kalitatearen kudeaketa alorreko hainbat ziurtagiri (ISO 9001: 2008; ISO 14001: 2004; Ekoscan; Zilarrezko Q (EFQM) eta Investors In People) ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun