Maila galdu arren udaberriari begira ari da jada Uribealdea Rugby Taldea

Uribealdea Rugby Taldeak ezin izan dio kategoriari eutsi eta datorren denboraldian Espainiako Ligako lehenengo mailan jokatu beharko du. Hilaren 13an Madrilgo Arquitectura taldeari Plentzian irabazi (23-13) arren, joan den igandean bueltako partida galdu zuten (18-6) eskualdekoek, Puerta de Hierron. Hori dela eta, "egin gabeko lanagatik eta egindako akatsengatik barkamena" eskatu diete zaleei Uribealdekoek, horiei guztiei eskerrak ematearekin batera. Hala ere, "aurrera begiratu eta datorren denboraldian pentsatzen hasteko" asmoa daukate Mungia eta Plentziakoek. Larunbat honetan, otsailak 26, udaberriari harrera egiteko jaia egingo dute Jai Alai pilotaleku plentziarrean. Besteak beste, 17:00etatik 20:00etara, haurrentzako puzgarriak eta jolasak izango dira. 23:00etatik goizeko seietara, berriz, DJak, zozketak (LCD telebista,...), eta abar, izango dira. Sarrerak salgai daude jada, 10 eurotan edari bat barne, Plentziako La Kala eta Arrarte, Sopelako Volker Paulaner eta Ertza, Mungiako Kos eta Ez Esan Inori, eta Erandioko Butron tabernetan. Jai Alai pilotalekuan bertan, 12 euro ordainduta sartu ahal izango da. Gainera, Mungiatik Plentziara joateko bi autobus ere jarri dituzte 22:30ean eta 23:00etan. Bueltako bidaia goizeko bostetan eta 6:30ean egingo dute. Argazkia: © Uribealdea Rugby Taldea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun