Getxolanek trebatutako 64 lagunetatik 40 egon dira denbora batez lanean

Getxolan Enplegu eta Ekonomia Garapeneko Zentroak antolatutako ikastaroen ziurtagiriak banatu ditu gaur Imanol Landa alkateak, Algortako Fadura kiroldegiko areto nagusian egindako ekitaldian. Besteak beste, “langabezian egonda, udalerriko 64 pertsonek beren burua birziklatzeko eta lanbide prestakuntza lortzeko egindako esfortzua" goraipatu du udal agintariak. Landak gaineratu duenez (mp3), “kontziente gara Udaletik oraindik lan handia dugula egiteko, baina trebakuntzan eta lanbidearen birziklapenean azken bi urtetan lortutako emaitza onak itxaropen eta animo mezua zabaltzera bultzatzen gaituzte, enpleguaren bilaketa eta etengabeko trebakuntza bateratu behar duen jarrera on batekin aurrera egiteko”. Getxolanek antolatzen dituen ikastaroak, orokorrean, tokiko herritar guztiei zuzenduta daude, baina langabetuei eta lana topatzeko zailtasun gehiago dituztenei arreta berezia ematen zaie. 2010ean sei prestakuntza-ibilbide egin ziren eta horietan 64 pertsonek parte hartu zuten; horietatik 40 kontratatu zituzten ondoren aldi baterako, udal arduradunek azaldutakoaren arabera. Argazkian, gaurko talde argazkia / © Getxoko Udala.

Modalitateak honako hauek izan ziren: Estetika Laguntzailea, Esku-Hartze Psikosozialeko Teknikaria, Informazioko eta Arretako Laguntzailea, Berrikuntza-Proiektuen Kudeatzaileak, eta Garbiketa Zerbitzuetako Langileak (bi ikastaro). Ikastaro horiek Espainiako Administrazio Publikoetako Ministerioak, Eusko Jaularitzak eta Getxoko Udalak batera finantzatu dituzte. Parte-hartzaileen %66 emakumezkoak izan ziren eta %34 gizonezkoak. Bestalde, ikasleen %59 25 eta 45 urte bitartekoak ziren; %33ak 45 urte baino gehiago zituen eta %8ak 25 urte baino gutxiago. Orotara, 21 enpresek parte hartu zuten praktiketan (trebakuntza lanpostuan) eta ikasleei prestakuntzan zehar ikasitakoa zein bereganatutako trebeziak eta lortutako gaitasunak indartzeko aukera eskaini zieten.

Laneratzea

Aurreko urteetan ez bezala, ikastaroetako bik kontratua egiteko konpromisoa izan zuten: Berrikuntza-Proiektuen Kudeatzaileak (8) eta Informazioko eta Arretako Laguntzaileak (9), hain zuzen ere, eta horrek sei hilabeteko iraupena zuten 17 kontratu gauzatzeko balio izan zuen. Halaber, Estetika Laguntzailearen ikastaroa bukatzerakoan, 5 ikasle kontratatu zituzten sektoreko enpresatan eta Esku-Hartze Psikosozialeko Teknikariaren inguruko ikastaroaren ostean beste 2. Garbiketa Zerbitzuetako Langileak izateko ikastaro bietan, berriz, parte hartzen duten lagunak 6 hilabetez kontratatzen ditu Getxoko Udalak. 2009an egindako 10 prestakuntza-ibilbideen ondorengo laneratzeari buruzko jarraipenari dagokionez, aipatu behar da azken 6 hilabetean ikasleen %51 aldi baterako lanean egon zela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun