Santiago Sierra artista madrildarra izango da bihar Leioako campusean

Santiago Sierra artistak hitzaldia eskainiko du bihar, osteguna, Leioa eta Erandioko campuseko Arte Ederretako Fakultatean. Hitzordua eguerdiko hamabietan jarri dute, gradu aretoan. Horrenbestez, madrildarrak artearen munduari buruz duen ikuspuntu berezia azalduko du, EHUko iturriek aipatu dutenez. Ikuspuntu berezi hori argi geratzen omen da islatuta bere azken lanean, “No, Global Tour”, Gasteizko Artium Museoan ikusgai izango dena otsailaren 26tik maiatzaren 1era bitartean. Sierrari Espainiako Kultura Ministerioak ematen duen Arte Plastikoetako Sari Nazionala eskaini zioten 2010ean, baina artistak ez zuen onartu, bere ustez, “sari horrek sarituaren izen ona Estatuaren mesedetan manipulatzen duelako”. Argazkian, Santiago Sierraren hainbat artelan erakusketa areto batean / cc-by-sa we make money not art.

Santiago Sierra (Madril, 1966) Arte Ederretan lizentziatua da Madrilgo Complutense unibertsitatean. Museoetan, arte zentroetan eta mundu osoko galerietan egin ditu erakusketak: ARS 01 Arte Garaikidearen Kiasma Museoan (Helsinki), Kunstwerke-n (Berlin), Kunsthaus Bregenz-en (Austria) edota MOMAren PS1en (New York), besteak beste. Sierraren artea, bere hastapenetatik aldarrikapen sozial eta politikoz beterik dagoena, ezarritako boterearen harremanen izaera zentzugabekoa agerian uzten saiatzen da, ekonomia kapitalistak herritarrengan eragiten dituen arazoak nabarmenduz. Sierraren ekoizpena ez da teknika bakar batean oinarritzen, hainbat teknikekin jolasten du: argazkigintza, bideoa, musika edota inguratzen gaituen munduari buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen dituzten instalazioak egiteko erabiltzen dituen eguneroko elementuak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun