Bizkaia Benetan Maite: "Ingurumena erasotzen duten makroproiektu guztiak gelditu behar ditugu"

“Bizkaia maite”, Foru Aldundiaren leloak, gure paraje berde eta kostalde paregabearen irudia aurkezten digu. Bitartean, instituzio honek babestu eta bultzatzen dituen makroproiektuek (proiektu urbanistiko espekulatzaileak, Supersurra, AHT, goi-tentsio lineak, gero eta instalazio gehiago dituzten Petronor, Boroa, Bahia Bizkaia edo Zabalgarbi bezalako industria kutsatzaileak, erraustegiak, makrodepuradorak, superportua, La Arenako hondartzako are lapurreta…) gure geografiaren bazter guztiak hondatzen dituzte, urritzen eta txikitzen ari den gure inguru naturalaren etorkizuna hipotekatuz. Eta dena helburu bakarrari erantzunez: kapital handiaren eta politikari ustelen epe laburreko irabazia. Proiektu guztiek garapenari buruz, lana sortzeaz hitz egiten dute, baina ez da egia: langabezia hazten ari da, boteretsuenen interes ekonomikoek zor pertsonal eta kolektiboen zurrunbilora bultzatzen gaituzte, lurraren, uraren eta airearen kutsaduraren ondorioz, gure osasunak okerrera egiten duen bitartean. Gure kontura antolatzen ari diren aurreranzko ihes zoro honek, gure etorkizuna ez ezik, gure hurrengo belaunaldien etorkizuna ere ari da hipotekatzen. Gauzak horrela jarraituz gero, erlauntz urbano erraldoietan bizi beharko dute, aisialdi birtualaren morroi eta autopistaz inguratuta. Argazkian, 2010eko urriaren 24an, Hego Euskal Herriko beste 17 ibaik bezala, berde kolorea hartu zuen Gobela errekak. Gurean, lurralde antolakuntza eredua kritikatzeko zein horren inguruan eztabaida pizteko asmoa zeukan protestak / © Gobela ibaia kolektiboa.

Inoiz ez dugu horrenbeste ekologia hitza entzun, baina inoiz ez da horrenbeste hondatu, horren azkar eta goseti kontsumitu. “Garapen” mugagabe eta geldiezinaren jasangarritasuna mitoa da, balazta zapaltzea irmo eskatu behar dugu, gure osasun eta ingurumenaren babesa lehenetsi behar dugu.

Iraila hasieratik, lurraren defentsan dihardugun zenbait talde biltzen hasi gara, Bizkaia pairatzen ari den hondamenari kolektiboki aurre egiteko beharrak bultzatuta. Bi premisa oinarrizko eta amankomunak elkartzen gaituzte:

1. Ingurumena erasotzen duten makroproiektuak gelditzearen beharra.
2. Makroproiektu hauek kokatzen diren herrien erabakitze eskubidearen defentsa eta Bizkaia nolakoa izango den erabakitzeko herritar guztion eskubidea.

Hau guztia dela eta, martxa aldarrikatzaile batera dei egitea erabaki dugu. Martxa, lurraren defentsan eta herritarron garaipenaren alde egingo da, apirilaren 2 eta 3an. Plentziatik irtengo gara Uribe Kosta zeharkatuz eta Muskizen emango diogu amaiera. Bertan, Petronorren eta La Arena hondartzaren dragaren kontra diharduten herri borrokekin bat egingo dugu.

Bizkaia Benetan Maiteren aldarrikapen honekin bat zatozten eragile guztiei atxikimendua eskatzen dizuegu. Adierazpen honek ahalik eragile gehienen babesa izan dezan.

Horretarako, hurrengo helbidera zuen oniritzia bidaltzea eskertuko genizueke: amalurrabizirik@googlegroups.com

Bizkaia Benetan Maite
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun