Lacalle Larraga faxistari urrezko domina kendu beharko dio Plentziako Udalak

Frankismoaren ikurrak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako esparru eta eraikin publikoetatik kentzea aho batez onartu dute gaur Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdiek. Erabakiak bi gauza eskatzen dizkio Eusko Jaurlaritzari: ikurren katalogo bat egitea eta horiek desagerrarazteko lanen zati bat ordaintzea. EAJk, PSE-EEk eta Aralarrek frankismoko ikurren inguruko testua adostea lortu dute eta idatzi horrek PP, EA, EB eta UPyDren babesa jaso du. Gauzak horrela, dirudienez, Jose Daniel Lacalle Larraga militar zein hegazkinlari kolpistari eta Francoren Aireko ministroa izandakoari emandako urrezko domina (espainolez, pdf) kentzea beste aukerarik ez du izango Plentziako Udalak. Izan ere, gaur adostutakoari erreparatuta sinbolo fisikoez ari garela eman dezakeen arren, Espainiako Kongresuak onartutako Memoria Historikoaren Legeak —hori du oinarri gaurko adierazpenak— argi uzten du, armarri, intsignia, plaka eta bestelako objektuez gain, "aipamenak" ere katalogatu eta ezabatu behar direla. Ez egitekotan, diru-laguntza publikoak kentzeko aukera ere aurreikusita dago. Argazkian, alkate frankisten irudiak Plentziako udaletxean / © Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzalea.

Halaber, bilkura aretotik diktadura garaiko alkateen irudiak erretiratu beharko dituzte. Legebiltzarrak, gainera, PSE-EEko Gobernuak eta Eudelek batzorde teknikoa osatzea eskatu du. Batzorde horrek gastuak kalkulatu eta ikurrak kentzeko plana zehaztu beharko du, bai udalen, bai gobernuaren parte-hartzearekin. Adostutako erabakiaren azken puntuan agertzen denez, euren eraikin eta kaleetatik kentzeari uko egiten dieten herritarrek "zigorra" jasoko dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun