Bestetik, lehen aldiz Laburbiran, euskaraz ez den film bat ere sartu dute programazioan: Xoxe Diazen "Instalación". Galizian eta galegoz egindako lana. Edizio honetatik aurrera, Laburbirak urtero eskainiko du egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren batean sortutako lan bat, euskaraz azpidatzia, euskarazko produkzioarekin batera.
Benito Ansola bekak
Bi horiekin batera, Topaguneak sortutako Benito Ansola Bekekin 2011n ekoitzitako lehen bi lanak ere sartu dituzte programazioan: Joseba Uberuagaren "Izena duena" 3D animaziozko ipuin laburra, eta Paul Urkijo eta David Zabalaren "Ohe azpiko zera", 36ko gerran girotutako istorioa. Beste lau lanak Maialen Sarasuaren "Hemen nago", Jon Garañoren "Urrezko eraztuna", Gregorio Muroren "Zeinek gehiago iraun" eta Revolta Permanent taldearen "Kantuka" bideoklipa izango dira. Azken hori Topaguneak sustatzen duen Izarren Distira kultur programaren barruan ekoitzi da. "Bistan denez, askotariko aukera egiteko arreta berezia jarri da, eta horrela, formatu, estilo eta izaera oso ezberdineko piezek osatzen dute emanaldia: umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak... ", nabarmendu dute Topagunetik.
Sortzaileak eta ikusleak, elkarrekin solasean
Egile zein ikus-entzuleentzat, Laburbira "paregabeko aukera" da euskarazko produkzioa ezagutarazteko, eskaintza herri askotara zabalduz. "Herriotako asko txikiak izanik, gutxitan izaten dute zinema bertan eskaintzeko aukera. Gainera, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio batzuetan solasaldia egingo da egileekin, proiekzioaren ondoren. Batzuek zein besteek biziki eskertzen dute zuzeneko iritzi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria suertatzen da eta", azaldu du euskara elkarteen federazioak.