Gorka Martinezentzat 46 urteko zigorra eskatu du fiskalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 24a, 14:57
Gorka Martinez Ahedo Urdulizko preso politikoa epaitu zuten atzo Madrilen, Auzitegi Nazionalean. 1993 eta 1994 bitartean, ETAko Bizkaia komandoko kide zela, Juan Maria Atutxaren aurkako bost atentatu saio egitea eta Jose Carollo Rama Espainiako Armadako sarjentua hiltzen saiatzea leporatzen dizkiote Martinezi. Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente, Herrizaingo sailburu eta buruzagi jeltzale izan da. Albiste-agentziek zabaldu dutenez, Fiskaltzak 46 urteko espetxe zigorra eskatu zuen urduliztarraren kontra. Martinezek ETAko kide izatea onartu zuen, baina ukatu egin zuen atentatu saiakeretan parte hartu izana. Defentsari zein epaileari erantzun zien baina ez akusazioei. Fiskalak, bere aldetik, hainbat delitu leporaketa atzera bota behar izan zuen, Frantziak onartutako euroaginduan jasota ez zeudelako. Hala nola, talde armatuko kide izatea, ibilgailuak ez-legitimoki erabiltzea eta matrikula plakak ordezkatzea. Delitu horiengatik 22 urteko espetxe zigorra eskatzen zituen. AVTko akusazioa ere bat etorri zen delitu horiek alde batera uztearekin. Defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu zuen, Martinez atentatu saiakeretan aritu zenik esateko inolako frogarik ez dagoela iritzita. Argazkian, presoen aldeko mobilizazioa eskualdean.
Fiskaltzak atentatu saiakerengatik jada zigortuta dauden Joseba Koldo Martin Carmona eta Lourdes Txurruka deklaratzera eraman zituen. Biek ala biek adierazi zuten Martinezek ez zuela afera horietan esku hartzerik izan.

Halere, fiskalak argudiatu zuen ETAko kide izatea onartu duenez, Martinezi "ETAk azken 20 urteotan egin dituen ekintza, komunikatu, su-eten eta tregua-hauste guztiak" leporatu ahal zaizkiola. Gauzak horrela, fiskalak bi hilketa terroristen saiakera egotzi zizkion preso urduliztarrari eta frogatutzat jo zuen Atutxa hiltzen saiatu izana. 1993ko azaroaren eta 1994ko irailaren artean izan ziren saiakerak. Lau aldiz saiatu zen komandoa Atutxa A-8an hiltzen. Horretarako 40 kilo lehergaiez osatutako bonba-autoa A-8 autobideko sarreran jarri zuten, Usansolon. Lau aldi horietan Atutxa ez zen bertatik esperotako orduan igaro, eta ez zuten autoa lehertarazi, fiskalaren arabera.

Bosgarren saiaketa Begoñako basilikan egin zuten, Atutxaren semearen ezkontzan. Bonba-maletatxo batekin saiatu ziren, baina bizkartzain asko zeudela eta, ez zuten leherrarazi. Bestalde, 1994ko azaroaren 18an Mungiako kuarteleko Jose Carollo Raña Espainiako Armadako sarjentua hiltzen saiatu ziren Larrabetzun. Militarrak, baina, tiroz erantzun zuen eta tiroketan besoan zaurituta suertatu zen. Ez zen eguneko bala jaurtiketa bakarra izan. ETAren Bizkaia komandoa ihes egiten ari zela, Ertzaintzak bidea moztu zien Loiun eta bertan beste tiroketa bat izan zen. Horren ondorioz, Angel Irazabalbeitia ETAko militantea hil zen eta Lourdes Txurruka burkidea zein Jesus Marzan Otero ertzaina zauriturik irten ziren.

Martinez Ahedo 1997ko abenduaren 10ean atxilotu zuten Orleans-en, Frantzian, Poliziak ETAren Bizkaia komandoa desegin ondoren ustez ihes eginda zegoela. Frantziak estraditatuta, 2004ko uztailean Espainiako Entzutegi Nazionalak 32 urteko espetxe zigorra jarri zion urduliztarrari, 1994ko apirilaren 28an, Trapagaranen, erakunde armatuak eginiko atentatu batean "laguntzaile lana" egin zuelakoan. Espainian barrena, sakabanatuta pasa ditu azken hamarkada, Puerto II, Zuera, Sevilla eta azken urteak izan den Pontevedrako A Lamako espetxearaino urrunduta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun