Gudarien Basoaren aurka jo du Guardia Zibilak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko eka. 3a, 13:50
Lau lagun atxilotu ditu Oiartzunen Guardia Zibilak Aritxulegiko Gudarien Basoaren arduradunak direlakoan, besteak beste, Naiz.info atariak zabaldu duenez. Halaber, gutxienez beste sei herritar Intxaurrondoko kuartelera deklaratzera deitu dituzte, Oiartzun Irratiaren arabera. 06:45 eta 07:15 artean izan dira atxiloketak, euren etxeetan. Joakin Izagirre, Xabier Iragorri, Ramon Gaztelumendi eta Ramon Sagarzazu dira Guardia Zibilak eramandakoak, Info 7 irratiak dioenez. Espainiako Barne Ministerioak baieztatu ditu atxiloketak eta, zabaldu duenez, "hildako etakideak gurtzeko leku bat sortzea" egotzi die. Basoko zuhaitzak kendu eta lurren jabegoa ikertzeko agindua du Poliziak. Barne Ministerioaren esanetan, atxilotuek "hildako etakideen omenaldi iraunkorrerako leku enblematiko bat" sortzea zuten helburu, "haien memoria gorde, euren jarduera terrorista legitimatu eta taldearen ideiei eusteko". Naiz.info-k zehaztu duenez, Gudarien Basoan 200 haritz baino gehiago dago, azken hamarkadetan hildako militante independentisten omenez, 1968tik hasita; Txabi Etxebarrieta Guardia Zibilak tirokatuta hil zenetik, alegia. Hain zuzen ere, aipatu digitalak dioenez, polizia gorputzen edo "gerra zikinarekin" zer ikusia daukaten taldeen tiroek eraildakoak dira zuhaitzek oroitzen dituzten gehienak. Argazkian, tartean, GALek eraildako Xabier Galdeano algortarraren omenezko haritza dago Gudarien Basoan / © Iosu Lizarralde.
Nagore Vega "Oarsoaldeko eta Bidasoako Hitza"-ko kazetariak bere Twitter kontuan argazkien bidez baieztatu duenez, Guardia Zibilak basoko hesiak kendu ditu, eta plakak, baina zuhaitzak bertan daude.

Berria.info atariak gogoratu duenez, Aritxulegin (Oiartzun) landatutako zuhaitzen aurka egin zuen 2006an ezezagun talde batek. Mendizale batzuek "Berria"-ri esandakoaren arabera, zuhaitzak erroetatik atera zituzten, eta bat bera ere ez zuten zutik utzi. Esandakoaren arabera, zuhaitz batzuk toki berean botata aurkitzen ziren, baina beste batzuk eraman egin zituzten. Aritxulegin bertan, 1936an hildako Txato Olaberri gudariaren omenez Eusko Abertzale Ekintzak altxatutako monolitoari eraso zioten. Erasotzaileak "kontrolik gabeko uniformedunak" izan zirela salatu zuen ANVk.

Mobilizazioak

Mobilizazioetara deitu dute Oiartzunen, atxiloketak salatzeko. 13:00ean batuko dira, eta ordubete lehenago, Errenterian egingo dute elkarretaratzea. 20:00etan, berriz, manifestaziora deitu dute.

Errenteriako Udalak jakinarazi duenez, atxiloketen gaia aztertzeko bozeramaileen batzordera deitu dute 11:30ean. Izan ere, atxilotuetako bat, Ramon Gaztelumendi, bertako langilea da.
Iosu Lizarralde @ilizarra ·
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun