Politika 2014-07-12 21:16

Lander Gallastegi hil da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri
Lander Gallastegi Miñaur Berangoko arkitekto eta militante abertzale independentista hil da Gurutzetako ospitalean gaixotasun luze baten ondorioz, 84 urte zituela. Bertako auzokideek UKBERRI.NETi adierazi diotenez, Gallastegiri azken agurra emateko aukera izango da gaur arratsaldean, 21:00ak arte, Algortako Sarria beilatokian, Algortako etorbideko 69. zenbakian. Bihar, berriz, gorpua erraustuko dute, gertukoentzako ekitaldian. Eli Gallastegi "Gudari" militante independentista jeltzale eta "Jagi Jagi"-tar historikoaren semea, Lander Gallastegi Mexikoko Torreon herrrian jaio zen, 1929an, nahiz eta urte gutxirekin Euskal Herrira itzuli. Gallastegik lan handia egin zuen euskalgintzan, besteak beste Sopelako Ander Deuna ikastolako zuzendaritzan eta baita "Kili-Kili" aldizkarian marrazkilari gisan ere. Paule Sodupe bere bikotekidearekin batera, zazpi seme-alaba izan zituen, tartean egun preso politikoak diren Irantzu, Lexuri eta Orkatz Gallastegi. Arkitekto moduan, aipagarriak dira Erandion Degremont SA enpresarentzat egindako lantegia edota Getxon eraikitako Ametzaga dorrea, biak Nikola Madariagarekin elkarlanaz. Politika munduan, berriz, hainbat artikulu idatzi zuen, "Herria 2000 Eliza" aldizkariari esandakoaren ildotik: "Euskal Herriak bizirik mantendu eta munduko edozein beste nazioren duintasunaz nahi badugu independentea izan beharra dauka". Argazkia: cc-by-nc-sa Basajaun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa