Feminismoa josten dabiltza Uribe Kostako dozenaka emakume Ondarroan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 13a, 15:19
Goizeko 9ak aldera hasi da Ondarroako kofradian Emakume Abertzaleen VI. Topaketa Feminista, Euskal Herria feminista eraikitzeko estrategia hausnartu eta moldatzeko asmoz. Jendetsua dela onartu du antolakuntzak eta aurretik izena emanda zeudenei lagun asko batu zaie, 600 inguru zuzenean topaketa jarraitzen ari diren Berria.eus, Topatu.info eta Argia.eus-i kasu eginez. Hortaz, gatza da zehaztea zenbat emakume uribekostar diren gaur Ondarroan. Datu gisa, "30 baino gehiago" ziren ostegunean inskribatutakoak, Lur Moragues Saitua Algortako Bilgune Feministako kideak jakinarazi zuenez. Horrezkero, ongi etorria eta gero, eguneko helburuak zehazteko laburpen lanari ekin dio Iraitz Agirre BFko kideak. Ondoren, Etxe Lilan eta institutuan 14 lantaldetan antolatuta ekin diote aldaketa feministarako gakoak identifikatzeari, sistema eta koiuntura sozioekonomikoa kontuan hartuta. Bazkal aurretik komunean jarri dituzte sortutako ideiak. Argazkian, topaketaren goizeko irudi bat / cc-by-sa Topatu.info.
Iraitz Agirreren mintzaldia, laburtua

Argia.eus-en Estitxu Eizagirrek eta Onintza Irureta Azkunek Bilgune Feministako kidearen interbentzioa laburtu eta zabaldu dute, hona hemen biek egindako laburpena, hitzez hitz:

"Topaketa hauekin, patriarkatuak hartu dituen forma, adierazpen eta aldaerak identifikatu nahi ditugu denon artean. Argazki baten zertzelada orokorrak identifikatzea da helburua. Hiru eremu definitu ditugu: eremu sozioekonomikoa, politikoa, eta kultural-ideologikoa. Eraldaketaz hitz egitea da ikuspegia.

Eremu sozioekonomikoa: Merezi duten bizimoduak helburu

Politika neoliberalek ezaugarritu dute gure jendartea. Krisi ekonomikoak areagotu egin du pobre eta aberatsen arteko amildegia eta emakumeok ez gaude irabazleen aldean. Aldaketa giro honetan aukeren ideiari heldu nahi diogu, gure esku ere badagoela aldaketa norabide batera edo bestera bideratzea. Egia da sexu ikuspegitik aldaketa garrantzitsuak bizi izan ditugula. Baina aldaketa hauek nabariagoak izan dira emakumeon egoerari dagokionean, ez sistemari dagokionean: Subjektu autonomo gisa onartuak izan gara, eskubide parekidetasunean aurrerapenak eman dira eta gure buruaz dugun hautematea hobetu da; baina sexuen arteko borroka harremanak ez dira zalantzan jarri. Sexuen arteko banaketan oinarrituta jarraitzen du sistemak, eta hierarkikoa izaten jarraitzen du.

Eta botere eskema hau mantentzeko tratu txarrak eta indarkeria darabiltza patriarkatuak. Sistemaren izaera da indarkeria sostengatzen duena, ezinbesteko tresna da indarkeria sistema patriarkalarentzat. Indarkeriak lehen mailako arazo politiko izaten jarraitzen du. Esparru instituzionalean, eremu formalean egin dira aldaketak, baina eremu pribatuan ez. Indarkeriaren kontzeptuarekin bada eztabaida: Mikromatxismoez hitz egiten da, jipoietik hasita piropoetara, iragarkietara, denak dira indarkeria eta horiek identifikatzen jarraitu behar dugu. Horren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu, indarkeria gainditzeko ahalik tresna gehien eta batera jardutea beharrezkoak direlako.

Etxe barruko eta kanpoko lanen arteko amildegia itzela da oraindik. Emakumeok merkatuen interesei jarraituz enplegurako sarbidea izan dugu baina honek ez du ekarri etxe barruko lanen banaketa eta are gutxiago aitorpena. Ekonomia antolatzeko eredu berririk ez da sortu. Ordaindu gabeko lan erreproduktiboei eskaintzen diegun denbora murriztu egin da eta zerbitzuak garatu dira zaintzarako, baina horrek ez du ekarri lan horien onarpen eta hobekuntzarik, lan prekarioak dira. Gizonen parte-hartzea handiagoa den arren, nekeza izango da orekatzea zaintzen lana balorizatzen ez bada eta gizarte egiturak egokitzen. Zaintza birbalorizatzea eta erdigunean jartzea da gure apustua, merezi duten bizitzak bizitzeko.

Denboraren kudeaketa aztertu behar dugu: berdin balio al du herritar guztien denborak? Zer balio ematen zaie lan batean edo bestean ematen den denborari? Bizi denborak ere aztertu behar dira, gaztaroa, zahartzaroa ezberdin baloratzen dira. Bizitza proiektuen eta bizi-tenpoen arteko oreka zaintzea garrantzitsua da.

Ekintzarako analisia egiterakoan, hiru faktore hartu behar ditugu kontuan: izaera patriarkala, sexuaren arteko lan banaketa eta ezkutuko zaintza lanak. Krisi testuinguruan austeritate planak jarri dituzte martxan, murrizketak. Bizitza duina izatea gero eta zailago da. Neurri murriztaileek emakumea etxeratzea dute helburu. Lana soberan dugu baina enplegu duina falta zaigu. Erregimen orokorretik kanpoko eremu askotan emakumeak dira nagusi: etxeko lanak, baserritarrak, sexu langileak… Sektore feminizatuetan dira lanik prekarioenak. Lan bera egiteagatik %30 gutxiago kobratzen dugu oraindik ere.

Ekonomia eta gizarte hau antolatzeko familia da instituzio nagusietakoa, sistema patriarkalaren oinarri. Familia eredu berriak sortzen badoaz ere, eredu patriarkala da nagusi. Aldaketak etxetik hasten direla badakigu, eta familia auzi politikoa da, nola bizi nahi dugun eta nolako elkarbizitza eta harreman ereduak sortu nahi ditugun aztertu behar dugu.

Eremu politikoa: Itxurazko berdintasunaren argi-ilunak

Eremu publikoan dugun parte-hartzea handitu da, baina bigarren mailako botere postuetara iristen garela esan daiteke. Gutxi dira sexuen arteko botere bereizketa onartuko dutenak, baina honek berekin dakar diskriminazioa detektatzeko arazoak izatea. Instituzionalki errekonozimendua lortu dugu eta aldaketak lortu ditugu, baina horrek ekarri du berdintasun formalaren irudipena. Belaunaldi berriok txoke egiten jarraitzen dugu patriarkatuarekin, horregatik da beharrezkoa belaunaldien arteko uztarketa.

Erakunde publikoetatik emakumeen ahalduntzea bultzatzeko politika egin da. Zubiak sortzea falta da jabekuntza estrategietan dabilen jendearen eta mugimendu feministaren artean. Jabekuntzak mugimendu feministaren apaltzea ekarri duela ere ikusten dugu. Berdintasun politiketan, mugimendu feministek lortu dugu elkarlanean aritzea, baina berdintasun sailez kanpo ez dugu lortu politikan ikuspegi feminista txertatzerik. Ziklo politiko berria bizi dugun honetan ikusten dugu ikuspegi feminista ez dela aztergaietan txertatu. Esanguratsua egin zitzaigun Azaroak 9an Kataluniako galdeketan izandako Euskal Herriko ordezkaritza osoa gizonezkoek osatzea.

Ordua dugu euskal emakume presoen egoeraren analisia egiteko, gizon emakumeek jasandako bizipenak eta ondorio sozialak ez direlako berak. Gatazka gainditzeko ezinbesteko ikuspegia eta ahotsa gara.

Eremu kultural-ideologikoa

Ideologia patriarkala ez da inondik desagertu, garatu egin da, makilatu, egokitu… ideologia patriarkalak bat egiten du ideologia kapitalistarekin. Kontsumo obekjtu eta subjektu bihurtu nahi gaituzte, gure bizitza eta gorputzak bere menera erabiliz. Gorputz hauskor, erabilgarri irudikatzen gaituzte. Etengabe gure territorioa dugun gorputzean aske ez sentiarazten gaituzte. Lorpen askotan atzera egiten ari gara, emakume esterotipoak etengabe gizarteratzen dira publizitatearekin eta abar. Baina hementxe gaude eta erresistentzian jarraitzen dugu, praktika ez hegemonikoak eramaten ditugu aurrera ez depilatuz, tripak bistan ibiliz, ez ilea tintatuz… gure gorputzak iraultzarako oinarri eta gudu zelai nagusiak dira. Identitate sexualetan eta erreproduktiboetan aldaketa egiten goaz: gero eta gehiago gara harreman monogamikoetan sinesten ez dugunak, ama bakarrak, lesbiana publikoki aitortuak… maitasun erromantikoa saldu digute txikitatik film, ipuin, abestietan: eredu heterosexuala, rol antagonikoz osatua… asko kostatzen da beste harreman batzuetan sortutako ereduak eraikitzea. Dependentzian eta posesioan oinarritzen dira sarri harremanak eta horrek ere indarkeria dakar.

Hezkuntzak tresna izan behar luke eraldaketarako. Pertsona aske eta integralak sortu behar ditu sexuen arteko aukera berdintasuna bultzatuz. Bidea jorratzen ari gara emakumeak lanpostu eta eremu guztietara iristeko. Baina gaia da bertara iristean nolako bizipen eta harremanak ditugun. Eskoletan hezkidetza ardatz bihurtzen hasi da eta txalo bero bat bidea irekitzen ari diren irakasleei.

Komunikabideak jendartearen erdigunean daude. Sare sozialek, Internetak komunikatzeko moduak aldatu dituzte. Komunikazioa nola ulertzen dugu? Nola harremantzen gara? hartzaile huts izatetik informazio iturri izateko aukera ematen digute. Wattsap aplikazioak asko eragin du harremanetan, bikoteetan kontrol sentsazioa handitu du. Telebista saioetan esterotipo eta rolak sekula baino bortitzagoak dira. Euskal hedabide idatzietan aurrerapauso handiak eman direla baloratzen dugu, eta mugimendu feminista erreferente bihurtzeko ere eragina izan dute.

Ondorioa

Ideologia patriarkala da oinarrizko zapalkuntza tresna. Errealitatera egokitu behar gara eta aurre hartu behar diogu. Gai hauei buruz ausnartzea da gakoa: borroka ideologikoak zein izan behar duten, lehentasunak zeintzuk diren, nola antolatuko garen eta nola eragingo dugun… Euskal Herria burujabe eta feminista definitzera eta gorpuztera goaz. Botere-harreman ez hierarkikoak oinarri izango dituen jendartea sortzera goaz".

Topaketa egiteko arrazoiak

Euskal Herriko Bilgune Feminista sortu eta hamabi urte beranduago, oraindik orain "2002.urtean definitu genuen plan estrategikoa ardatz izanik, egin dugu bidea", aitortu zuen Bilgune Feministak Topaketaren aurkezpenean, "baina Euskal Herria aldatu da, feminismoak aldatu dira, patriarkatuak forma berriak hartu ditu. Eta honen aurrean, gu, eta ordezkatzen dugun Euskal Feminismoak, gure helburua den Euskal Herriaren burujabetza feminista erdiesteko jarduna egokitzeko beharra sentitzen dugu". Hori dela eta, topaketari xedea jarri diote, burujabetza feminista horretaranzko "ibilbidearen edota trantsizioaren" oinarriak zehazteko eztabaida ematea, alegia. Jardunaldietara "Euskal Herri feminista eraiki nahi duten emakumeak" gonbitatu dituzte, "eremu anitzetan lanean diharduten eta haien jarduera feminista eremu horietan garatzen jarraitu nahi duten feministekin" batera.

Antolatzaileen arabera, honako hau da une egokia hausnarketa eta oinarri berriak finkatzeko. Besteak beste, "egiturazko krisiak" zein austeritate errezetek, "egiturazko neurri murriztaile guztiek, emakumeen etxeratzea eta familia heteropatriarkala indartzeko" helburua dutelakoan. Baita Euskal Herrian sumatzen duten "ziklo politiko berrian" jendarte eredu alternatibo bat eraikitzeko dauden aukerak eta oztopo berriak identifikatzea beharrezkoa delakoan ere".

Emakume Abertzaleen VI. Topaketa Feministen egitarua

• 9:00etan, sarrera.

• 10:00etan, ongi etorria eta eztabaidaren aurkezpena.

• 10:30ean, lantaldeetan eztabaidagai: "Kapitalismo heteropatriarkala Euskal Herrian. Zeintzuk dira aldaketa feministarako gakoak?".

• 13:00etan, ondorioak josiz.

• 14:00etan, bazkaria.

• 16:00etan, mahaiaren bueltan: "Trantsizio feminista: intzidentzia politikoa, estrategiak eta boterea(k)". Hizlariak: Ainhoa Etxaide Amorrortu LAB sindikatuko idazkari nagusia, Ana Murcia Guevara El Salvadorreko militante feminista, Idurre Eskisabel Larrañaga "Berria" egunkariko kazetaria, Josebe Iturrioz Lopez berdintasun teknikaria, Jule Goikoetxea Mentxaka politika irakasle eta idazlea, eta Saioa Iraola Urkiola Bilgune Feministako kidea.

• 20:00etan, eguneko ondorioen kontaketa eta ekitaldi irekia.

• 22:00etan, Jostorratzak dantzan! Festa feminista Euskabareta, Endemaño, DJ Gure Besta eta Las Marines-ekin.

Topaketaren iragarkia (© Bilgune Feminista)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun