Josu Muguruzari buruzko dokumentala ikusgai gaur Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 18a, 11:42
Gaur, osteguna, Lander Iruinek eta Markel Andiak zuzendutako Josu Muguruzaren bizitzari eta ibilbide militanteari buruzko "Zohardia" dokumentala proiektatuko dute, Algorta-Getxoko Sortuk eta Abian Kultur Elkarteak antolatutako emanaldian. Hitzordua 19:00etan jarri dute Bidebarri kaleko 2. zenbakiko herriko tabernan. Ostean, Iñaki O'Shea ezker abertzaleko militante historikoarekin mahaingurua izango da. Egun GITE-IPESen lanean dihardu aipatu lagunak. 1989ko azaroaren 20ean, Madrilgo Alcala hotelean bere alderdiko beste kide batzuekin parlamentuko lana prestatzen ari zela, armaturiko bi lagunek tiro egin zioten eta hil egin zuten Josu Muguruza HBko diputatua. 25 urte bete dira aurten. Heriotza, Euskal Herrian greba orokorrerako deialdia sorrarazi zuen. Bost urte lehenago Santiago Brouardekin gertatu bezala, erahilketa egiteko aukeraturiko eguna ez zen kasualitatea izan. Francisco Franco eta Primo de Riveraren heriotzak gertaturiko egun bera izan zen. Argazkian, omenaldia Brouard eta Muguruzari 2012an Bilbon / cc-by-nc Txeng Meng.
Josu Muguruza Bilboko Errekaldeberri auzoan jaio zen. Deustuko Unibertsitatean Pedagogia ikasten hasi ondoren, ikasketak hasi eta EHUn kazetaritza ikasi zuen. Ordurako euskara ikasia zuen eta ASKko militantea zen. 1981ean, poliziak bere neskalaguna zen Elena Bartolome atxilotu ondoren Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. Erbestean egondako denboran AEKko irakasle izan zen Baionan. Horrez gain, Gure Irratian poesiari buruzko programa bat zuzendu zuen eta Egin egunkariko korrespontsala izan zen. 1984ean Errefuxiatuen Komiteko antolatzaileetako bat zen GALaren urterik odoltsuenetan. "Egin" egunkarian astero zutabe bat idazten hasi zen, "Zihordia" ezizena erabilita.

Ipar Euskal Herrian sei urtez bizi izan eta gero, 1987ean Frantziako poliziak atxilotu eta Espainiara eraman zuten. Donostia eta Madrilgo kartzeletan egon eta gero, hilabete gutxiren buruan libre utzi zuten. Euskal Herrira itzulitakoan, Herri Batasuneko mahai nazionalean parte hartu zuen. Horrez gain, "Egin" egunkarian lanean hasi zen berriz ere, politikako ataleko kronikak idazten "Iratzar" ezizenarekin. Aljerreko hizketaldietako prestaketan jardun zuenetako bat izan zen. 1984ko azaroan Tasio Erkizia ordezkatu zuen Madrilgo gorteetan Herri Batasuneko diputatu moduan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun