Presoen aldeko sare herritarra aurkeztuko dute bihar Erandion

Larunbat honetan, abenduak 20, Erandioko Sare aurkezteko eta antolatzen hasteko batzar irekia egingo dute. Hitzordua 12:00etan izango da, Altzagako postetxe zaharrean. Algortan ere euskal preso politikoen eskubideen aldeko sare herritarra ehuntzen hasi dira. Hilaren 2an egin zuten beraien batzar irekia. Beraien jardueraren adibide bezala, bihar bertan, 11:00etatik 14:00etara, sarekide egiteko aukera emango dute Telletxen; baita kamisetak saldu eta informazioa banatu ere. Sare herritarreko kideek azaroaren bukaeran iragarri bezala, urtarrilaren 10ean izango da presoak euskal herriratzearen aldeko manifestazioa. "Euskal Herrira now, orain, maintenant, ahora" lelopean egingo da martxa Bilbon, 17:30ean; eta bi lekutatik abiatuko da batera: udaletxetik eta Casillatik. Etxerat elkarteak, bere aldetik, jakinarazi du jada egun horretan espetxeetara bidaiarik ez dutela egingo eta presoen senideak Bilbon izango direla. Argazkian, euskal presoek pairatzen duten sakabanaketa eta urruntze politika salatzeko asmoz, Astrabuduako Josu Murueta plazan egindako elkarretaratzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun