2016-11-09 10:37

AHANZTURA GARAILE

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria
Eustakio Mendizabal Txikiaren arrastoa mapatik kendu behar horrek Juan Mari Bandresek Manuel Vázquez Montalbanekin izandako elkarrizketa ekarri dit gogora.

Vázquez Montalbanen “Mis almuerzos con gente inquietante” (1984) liburu gomendagarrian Bandresek kontatzen du frankismo garaian PSOEko zuzendaritzako kide batekin Donostiatik Cordobarako bidaia egitea fortunatu zitzaiola: Felipe González zen bidaidea, Isidoro sasiko izenez.   Bidaian zehar izandako solas atseginean politikari andaluzak  ETAren jarduerarekiko oniritzia erakutsi omen zion; hitzez hitz, “por entonces (70 hamarraldiko lehen urtetan behar zuen izan) era un entusiasta de la lucha antifranquista de ETA”; alegia,  Isidorori –beste askori lez– Francoren borreroak gaitzesgarriago zitzaizkiola haiek 1973ko apirilean bala bat buruan sartuta hil zuten Txikia baino.

Uvetako plazaren auziaren ebazpenean biktimek borreroen gain lortutako garaipena ikusi du Getxoko PPk. Niretzat biktimen memoria baino garaileago atera da borreroekiko  ahanztura. Izan ere, Txikiaren izenarekin batera diktaduraren aurkako erresistentziaren lekukotasun bat ere  borratu dute; frankismoaren borra izan ziren erakundeak, berriz, hor darraite, – “todo por la patria”– egindakoen azalpenik eman edo barkamenik  eskatzeko inolako ardurarik gabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa