Altsasu: terrorismoa zaku zabala da

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2017ko urt. 31a, 17:27

Altsasuko gazteen auziaz legelari talde batek prestatu duen agiriak ondorioztatu du sen on minimoaren aurkakoa dela taberna zuloko liskarra ekintza terroristatzat kalifikatu izana, horrek auzipetutako gazteei datxezkien ondorio larriekin:

auzia berezko epailearen eskutik Audientzia Nazionalera eramatea, balizko lege-hausteen  tipifikazio eta zigorren larriagotzea, eta badaezpadako neurrien gogortzea, zeinaren ondorioz hiru gaztek bi hilabete eta erdi espetxean egin dituzten dagoeneko.

Erabakiok hartzeko, Lamela epaileak –Del Olmok Egunkaria kasuan bezalatsu– Guardia Zibilak gazteon motibazio eta helburuez eginiko espekulazioak egiatzat hartu ditu, aieruok frogetan oinarritu ez arren.

Espekulazioez ari garela, auzian Estatuak hartutako bideaz bada hipotesi bat, gutxienez Lamela andreak onartutakoa bezain zuhurra: “anti-terrorismoaren” buruek aukera aproposa ikusi dutela Koxka tabernakoan Espainiako indar armatuen erretira eskatzen dutenen kriminalizaziorako beste urrats bat egiteko. Horretarako eraman zen auzia Madrila –Foruzaingoa eta Iruñako epaitegiak baztertuta–, lanean jarri Guardia Zibila eta Fiskala, esaneko hedabideak xaxatu, biktima erakunderen bat  pasiatzera atera… harik eta, ingurumari horretan, Audientzia Nazionalaren graziaz, hara!, taberna-liskarra “ETA eta KAS-Ekinen” estrategiaren burutze bihurtuta agertu zitzaigun arte.

Sinestu nahi dut azkenean Altsasukoa parametro normalagotara bideratuko dela. Hala balitz ere, hor geratuko litzateke, jasandako gehiegikerien arrastoarekin batera, Espainiako oste armatuak okupazio indartzat dituen ororentzat abisua: kasu gurekin, ez baduzue terroristatzat hartuak izan nahi!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun