Zer eta Nor dira Udala eta Udaletxea?

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Rodríguez Larrinaga 2015ko ira. 23a, 11:23

Erantzun erraza ikusten diogu askok galdera honi, baina egunerokotasunak erakusten digu beste batzuek, batez ere udal gobernuan daudenek, beste ikuspegi bat dutela, udalaren izaeraz jabetu nahi dutelarik, Udala eurek soilik osatuko balute bezala.

Geure ikuspegitik denok gara udalaren parte. Udal funtzionamendua arautzen duten legeek argi uzten dute: udala zinegotzi guztiek osatzen dute. Nire ustez motz geratzen da oso adierazpena, Getxon bizi garen guztiok osatzen baitugu udala eta gu, zinegotziok, getxoztar guztiontzat aritzen gara lanean.

Esango nuke honek ez duela eztabaidarako tarterik uzten, ordea, EAJren ikuspegian gauzek oso ezberdin dirudite. Getxoberri izan daiteke adibidea, udal argitalpen ez baita udalean egiten den lanaren berri ematen, aitzitik, udal gobernu taldeak egiten duen guztia goraipatzea du eginbide bakar, askotan horretarako bitartekoak bikoiztera iritsiz ere (kultur informazioak zertarako, hilero kultur agenda jasotzen badugu etxe guztietan?). Aurreko legealdian, oposizioan gauden taldeok tokitxo bat lortu genuen Getxoberrin, baina oraingoan lau izan beharrean sei alderdi egonik, toki hori nola egin ez dute oraindik asmatu eta, ondorioz, edo bide batez, mututu egin gaituzte.

Benetako arazoa, hala ere, ez da tokia topatzea, benetako arazoa Getxoberri aldizkariaren beraren izaera da; ez du kazetaritza izaerarik mantentzen batera, propaganda tresna hutsa besterik ez da, eta argi erakusten du horrek nor den ikuspuntu horretatik udala, EAJ da udala, besteok berriz, “udal” lana oztopatu baino ez dugu egiten, beraz, hobe izango da herritarrei egiten duguna ezkutatzea.

Badago beste adibide bat, badago udaletxean prentsa aretoa, udal gobernu taldeak soilik erabili dezakeena. Arrazoia? “Erabilera korporatiboa” duela eta, EAJ-k ere ez duela erabiltzen. Eta hori egia da, EAJ-k ez du erabiltzen, bai ordea EAJ-k osatzen duen gobernu taldeak. Arazoa lehengo bera da. Nor da udala? Ez al dugu oposizioko taldeok “erabilera korporatiboa” egiten? Gure ustez bai, udala denok baikara. Horregatik pentsatzen dugu ezin dela itxurazko aitzakia tekniko baten azpian denaz jabetzeko joera politiko argi bat ezkutatu.

Niretzat, EH Bildu osatzen dugunontzat, denok gara Udala, eta getxoztar guztion etxea da Udaletxea. EAJren ustez baina, EAJren udal gobernu taldea da udala, eta ondorioz, Udaletxea, beraiek kudeatzen duten eta getxoztarrongandik gero eta urrunago kokatu nahi duten etxea da, argi eta garbi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun