Iritzia 2017-02-16 11:52

Barkatu, Maria, baina ez diogu Txikia plazari izena kenduko

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Rodríguez Larrinaga

Barkatu, Maria baina Txikia plaza Txikia plaza izango da guretzat betiko, agian, era kolokialean aritzen garenean “Uves” eko plaza baina hori beste kontu bat da. Inork ez dizu kontatu, ez dakizu nor den Txikia eta zergatik zeukan plaza horrek izen hori, zu hil eta gero jaio zelako. Frankoren diktaduraren kontra borrokatu zuen Eustaquio Mendizabalek, Txikiak alegia, Euskal Herriaren alde borrokatu zuen. Borroka horretan poliziarekin egin zuen topo eta tiroz jarraitu zuten tren geltokitik Algortako txoko honetaraino, egun zure omenez izendatu berri nahi duten plaza honetaraino. Zaurituta zetorren, Guardia Zibilak harrapatu eta bertan tiroz hil zuen. Hori izan zen Txikia, hainbat getxoztar eta euskaldunon bihotzetan miretsia eta gogoratua. Maite gintuelako hil zuten eta maite dugulako eskeini genion plaza bat, bere izena eta izana ez ahazteko, bere borroka omentzeko.

Getxoko Udal Batzak jarri zion Txikia plazari Txikia izena. Baina ondoren etorri ziren Franko diktadorearen ondorengoak, demokrazia itxura eman zieten diktadura egiturei eta estatu berri-zahar bat egitera abiatu ziren. Eta bide horretan harrotu ziren, epaileak izendatu zituzten, epaitegiak beti bezala kontrolpean izateko, eta herri borondatea kolokan jarri zuten. Txikia terrorista deitu zuten terrorea 40 urtez inposatu zutenek, euren epaitegiek arrazoia eman zieten, eta alkatea, zure alkatea, gu getxoztarron alkatea koldartu egin zen, eta herri erabakia muturreraino defendatu beharrean amorea eman zuen: Txikia plazari izena kendu zion.

Koldarkeria ezkutatu nahi izan zuten Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Alkateak, eta herri partaidetzaz mozorrotu zuten herri borondateari eginiko iruzurra. Hainbat alderdik aspaldi eskatu genituen kale izenak herriko emakume esanguratsuen omenez, kale izenak gurean gizonezkoak direlako batez ere, eta horretaz ere baliatu zen EAJren koldarkeria. Prozesu partehartzaile mugatua abiatzea erabaki zuten, hiru izen zeuden aukeratzeko: Palataondo, Iturriondo eta zurea, Maria Ibarra. Eta zureak irabazi zuen, Maria.

Barkatu, Maria, jakin badakit, bizirik bazina ulertuko zenuela. Aintzindaria izan zinelako emakumeen borrokan, askatasunaren aldeko borrokan, aintzindaria izan zinelako tratu txarrak salatzen, aitzindaria izan zinelako botere injustuari aurre egiten.

Barkatu Maria, baina guretzat Txikia plaza Txikia plaza izango da. Borrokalari baten oroimenak ezin duelako beste baten oroimena baztertu. EAJ-k muturreraino eraman duena euren koldarkeria izan delako; zure borrokaren aitortzarekin estali nahi izan dute beste borrokalari baten aitortza eta oroimena.

Barkatzeko esan dizut Maria, baina horren beharrik ez dagoelakoan nago, borrokalaria zinen, eta gaur, bizirik egongo bazina gurekin egongo zinateke Txikia plazaren izena aldarrikatzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa