Getxoko kaletegiak omendutakoen gaineko liburua aurkeztuko dute gaur

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo FM 2017ko api. 20a, 16:51

Gaur arrastian, Javier Campo Esteban idazle algortarrak bere bigarren liburua aurkeztuko du: “Getxo en sus calles. Con nombre propio” (Ediciones Beta, 2017). Ekitaldia Algortako Kasinoan izango da, Basagoiti etorbideko 47. zenbakian, 20:00etan; bertan, Campogaz batera, Begoña Zubieta ETBko aurkezleak emango du liburuaren berri.

Saiakera mardul horretan (720 orrialde ditu), Campok azaldu ditu Getxo udalerriko kaletegiak omentzen dituen 79 pertsonen biografiak. Horretarako, ikerkuntza-lanak egin behar izan dituela aitortu du egileak. Halere, zehaztasuna eta erraztasuna batzen lortu dituelakoan dago. Omendu horien memoria bizirik irautaraztea eta euren bizitzak zabaltzea izan dira Camporen helburuak, irakurleak entretenitzeagaz batera.

Liburuaren azken zatian, idazleak kontatu ditu Gabriel Aresti euskal poeta eta bere osaba zenagaz gaztetan izandako pasadizoak, orain dela ia 50 urte.

Liburuan, besteak beste, honako pertsonak ageri dira: Sorne Unzueta “Utarsus” kazetaria, María Goiri de Menéndez Pidal irakaslea, Jose Antonio Agirre eta Lekube lehendakaria, Cristobal Colón eta José Luis Ugarte  nabigatzaileak eta Matías Romo enpresaria.

Javier Campo Bilbon jaio zen 1952an baina 1977tik Algortan bizi da. Bankako finantza-aholkulari eta banku-bulego baten zuzendari 40 urtez beharrean ibili ostean, jubilatuta dago. Melomanoa, parte hartu du zenbait abesbatzatan, hala nola Biotz-Alai, EHUko abesbatza edo BBKantuz Korua. Modu berean, musika klasikoaren zalea da eta organua jotzen du Getxo udalerriko eliz batean. Historia maite du eta erretiratu zenetik hura ikertzen dabil, ilobak zaindu eta musikaz gozatzeaz gainera. 2013an, idatzi zuen “La ermita del Puerto Viejo. San Nicolás de Bari de Algorta y su órgano” liburua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun