Politika 2016-02-16 12:31

Uribe Kostako GED-ko taldekideak: "Herri-galdeketak 2017an egitea aurreikusten dugu eskualdean"

Erabiltzailearen aurpegia Iker Rincon Moreno

Gure Esku Dago dinamikako Uribe Kostako taldeek batzorde bateratu bat osatu dute aurten, elkarri lagundu eta bultzatzeaz gainera, ekimen bateratuak egiteko asmoz. Era berean, dinamikari sostengua emateko bazkide-kanpaina martxan ipini dute.

Uribe Kostako GED-ko taldekideak: "Herri-galdeketak 2017an egitea aurreikusten dugu eskualdean"
Eskualdeko Gure Esku Dago dinamikako taldekideetako batzuk. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zein da Gure Esku Dago dinamikaren egoera Uribe Kostako eskualdean? Zenbat talde daude gaur egun?

Getxon, bi talde ari dira lanean, Algortan eta Itzubaltzeta/Romon; Erandion, berriz, erabakitze-eskubidearen aldeko dinamika eraginkor bat bultzatuko duen talde anitz eta konprometitu bat sortzeko ahaleginetan ari dira; Lemoizen, 9 lagunez osatutako taldea dago; Urdulizen ere talde txiki bat dago, hilean behin biltzen dena; Gorliz eta Plentzia batera daude, talde bakarrean; eta Sopelan, taldeak dinamika iraunkorra du, astero biltzen dira 6-7 pertsona.

Herritarrek zer zelako harrera egin die taldeei?

Harrera, oro har, ona da, gero eta hobea. Jendeak gero eta gehiago ezagutzen eta identifikatzen gaitu, baina herri batzuetan, “harresiak” oso handiak dira. Halere, ekimenetan parte hartzeko prest egoten da jendea, baina antolaketan, oso gutxi izaten gara.

Eskualdeko jendeak zer dio erabakitze-eskubidearen inguruan? Zer-zelako harremana du ideia horregaz?

Gainerako eskualdeetan bezala, aldeko eta aurkako iritziak daude. Ezin ukatuzkoa da, hala ere, gehiengo sozialak, azken udal hauteskundeen emaitzei erreparatuta, aldeko jarrera duela, nork bere ñabardurekin.

Bazkide-kanpaina abiatu duzue; zein helburugaz? Zelan hartu dute?

Astiro, baina badoa. Ez da erraza ulertaraztea herritarren dinamikek herritarren sostengua behar dutela, eta sostengu horrek bi alderdi izan behar dituela: ekintzetan parte-hartzea, eta sostengu ekonomikoa bermatzea. Kontaktuan jarri gara jendearekin, eta kanpaina martxan dago, sendotu egingo dugu kanpaina, eta jarraipena emango diogu finkatutako helburuari; halere, ezinezkoa da jakitea zenbat bazkide lortu ditugun.

Aurten, autodeterminazioaren inguruko 22 galdeketa egingo dira Euskal Herrian. Uribe Kostan halakorik egitea aurreikusten da etorkizunean?

Etorkizunean bai, baina oraindik asko landu behar da; alegia, zorua prestatu behar da, urrats hori eman baino lehen. Aurten, pauso hori emango duten herrien ekimenaren bultzada lagungarria izango da guretzat, baina gure data 2017a izango da, urte horretan egitea aurreikusten dugu-eta. 2016an herritarrekin zein herriko giza eragileekin kontaktu estua izango dugu erabakitze-eskubidearen aldeko adierazpena eta ituna eratzeko, besteak beste.

Zeintzuk jarduera antolatuko dituzue urte honetarako?

Herriz herri erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenei forma emateko dinamikak egingo dira. Horrez gainera, eskualde-mailako batzordea eratu dugu aurten, eta bi ekintza proposatu ditugu ekainera bitartean egiteko: mendi-martxa bat, eta Berangon erretako basoan bertoko zuhaitzak landatzea. Horrez gainera, herrietan bestelako ekimenak ere egingo dira aurten.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Aurtenetxe Marcó Erantzuna | #1

Aupa hirukakoak
Getxoko Gure Eskuren blogean linkatu nahi genuke zuek ateratako elkarhizketa.
Ondoko urlarekin egin dot lotura, baina elkarhizketa guztiak irteten dira http://hiruka.eus/bereziak/elkarrizketak
Posible al da beste loturarik. eskerrik asko

Erantzuna | #2

Kaixo, Jon
Hartu beharreko lotura ondokoa litzateke: http://hiruka.eus/komunitatea/irincon_/14552786...
Eskerrik asko!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa