Elkarrizketak

Plentzia eta Gorlizko gazte-asanblada: "Herri bietako giroa berreskuratu nahi dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 27a, 12:40
Gorlizko eta Plentziako hainbat adinetako askotariko gazteek osatzen dute gazte-asanblada. © GAZTE ASANBLADA.

Gorlizko eta Plentziako gazte mugimendua bizitu guran, gazte-asanblada berria osatu dute udalerri bietako hainbat gaztek. Joan den urriaren 29an bilera irekia egin zuten, ahalik eta gazte gehien batzeko asmoz. Apurka-apurka gero eta kuadrilla gehiago batzen hasi zaizkie mugimendu horretara; hala ere, oraindino, egiteko lan asko dutela argi dute gazteek.

Zein da gaur egun Gorliz eta Plentziako gazte-mugimenduaren egoera?

Orain arte nahiko ahula den arren, zer edo zer sortzen hasi dela nabari da. Herriko gazteak Euskal Herriko gazteriaren problematikez kontzientziatzea beharrezkoa da, baina, hori lortzeko, bide luzea dugu oraindik. Dena den, gure herriarengan konfiantza handia dugu, eta lortuko dugula badakigu.

Ezberdintasunik badago herri bateko zein besteko gazteen artean?

Orokorrean, nahiko herri antzekoak dira. Azken finean, anai-arrebak bezalakoak dira; denok ezagutzen dugu elkar, kuadrillak herri biko gazteez osatuta daude, elkarrekin egon izan gara beti... Egia da Gorlizen lan handia geratzen zaigula egiteko. Gazteek Gorliz «helduen» herria izango balitz bezala ikusten dute. Kuadrillek Plentziako ekintzetan parte hartzen dute, eta ez Gorlizekoan; hori aldatu beharra dago.

Hala, gabeziaren bat zegoelakoan gazte-talde bat batu eta gazte-asanblada osatu zenuten uda hasieran...

Bai, Danontzat gaztetxearen berrantolaketa prozesua martxan ipintzean, herriko gazteriaren problematikei irtenbide bat aurkitzearren eta herriko gazte mugimendua indartzearren, gazte-asanblada sortzeko beharra ikusi genuen. Gainera, gazteen ohiturak gero eta sedentarioagoak dira, eta horrek beharrezkoagoa egiten du gazte-asanblada baten presentzia.

Zein motako gazteak batu zarete talde horretan?

Askotariko taldea sortu dugu. Gure helburua hori zen, behintzat. Ideia eta pentsaera ezberdinak egotea, talde iraultzaile eta berritzaile bat osatzeko. Bestalde, gazte-asanblada barruan giro polita sortu da. Bileretan lan egiteaz aparte, ondo pasatzen dugu, motibazio handia daukagu eta horrek asko laguntzen gaitu. Gaur egun daukagun helburu nagusienetariko bat aisialdiaren eredua aldatzea izango litzateke, modu herrikoi batean gainera.

Zer-zelakoa izan da gaur egunera arteko talde horren bilakaera?

Aisialdi-eredua aldatzera begira, kuadrilla batzorde bat eratu dugu, kuadrillak batu guran. Horretan ibili gara eta oraindino jarraitzen dugu.

Abuztuan egin zenuten Gazte Eguna inflexio puntu bat izan zen zuentzat. Zer dela eta?

Gazte-asanbladak antolatutako lehenengo ekintza izan zelako. Egun horrekin bultzada eman nahi genien herriko gazteei asanbladara gehitzeko. Egun oso arrakastatsua izan zen, jendeak oso erantzun ona eman zuen eta guri indarra eman zigun herria berpizteko eta lanean jarraitzeko.

Zein helburu bete gura dituzue?

Helburu nagusia herri biak berpiztea dela esan dezakegu. Neguan herriak hilda daude, kuadrillak haien lonjetan sartzen dira eta giro bila joateko beste herri batzuetara mugitu behar izaten gara. Horri aurre egiteko, kuadrillen batzordea sortu nahi dugu.

Zein ekimen mota prestatzeko asmoa duzue epe laburrean?

Orain hurren daukagun ideia da kuadrillen eguna antolatzea. Data zehazteke dago, baina abenduan izango da. Egun osoan ekintzak egongo dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun