Udal hauteskundeak 2015

EAJren botoak nahikoak izan dira Mari Carmen Urbieta alkate izendatzeko

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 13a, 18:00
Mari Carmen Urbieta alkatea aginte makila eskuan, aginte-kargua zin egiten.

Maiatzaren 24ko udal hauteskundeen ostean EAJk lortutako 9 ordezkarien (bera barne) botoak nahikoak izan dira Mari Carmen Urbieta egungo alkateak berriro ere Leioako aginte makila hartzeko. Esan daiteke, udal agintari gorena izateko, leioaztarrek babesa (5.202 boto) ematen dioten lehenengo aldia dela. Izan ere, joan den agintaldiaren erdialdean, Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendaria izatea onartu zuenean, izendatu zuten Leioako alkate. Hain zuzen ere, gaur gogoan izandako pertsonen artean, Arruebarrena bera aipatu du Urbietak, "bere taldeko kide izateko aukera eman ziolako". Beste alderdiei dagokienez, atzo iragarritako hitzarmenari jarraiki, PSE-EEk (3 zinegotzi) zuri bozkatzea baino ez zuen egin behar EAJk alkatetza lortzea bermateko; eta horrela egin du. PPk (2 zinegotzi) gauza bera egin du. Bitartean, Ruben Belandia Ahal Duguk (Podemos) sustatutako Esnatu Leioako (4 zinegotzi) hautagaiak lau boto jaso ditu eta EH Bilduko (3 zinegotzi) Arkaitz Fullaondok hiru. Goizeko 10:00etan egin dute udalbatza berria eratzeko osoko bilkura.

"Leioaztarren onerako bada", alderdi politiko denakaz lan egiteko prest agertu da Mari Carmen Urbieta jelkidea.

Xabier Olabarrieta PPko bozeramaileak erronka onartu dio, "herritarrentzako onena denok gura dugula" esanez. Hala ere, beste hainbat herrietan gertatu bezala, hauteskundeen ostean beste alderdiakaz batzar errondarik egin ez izana aurpegiratu dio Urbietari popularrak. "2011n egin zenuten egoera berdintsua eman zenean", esan du Olabarrietak. Bere ustez, hauteskundeak irabazten dituen taldeari dagokio lehen pausua ematea.

Bitartean, bere poza agertu bai, baina, Juan Carlos Martinez PSE-EEko bozeramaileak ez du argitu EAJgaz zer nolako harremana edukiko duten aurrerantzean.

Pinosolo

EH Bilduri dagokionez, Arkaitz Fullaondok ere Arruebarrena edukiko zuen buruan banan-banan hauteskunde-kanpainan botatako proposamenak zerrendatu dituenean. "Kiroldegi berria gura dugu", esan du ezkertiarrak; "baina parte-hartzean eta gardentasunean oinarrituta", gaineratu du, "beste Pinosolo bat" ez dutela gura aipatzeko. Hori dela eta, udal webgunearen bitartez gardentasunaren ataria (non esleitzen diren proiektuen datuak agertuko liratekeen) eta Kode Etikoa martxan jartzea eskatu du Fullaondok. Gogoratu Pinosoloko proiektuari buruzko ikerketa batzordeak "ustelkeria zantzu garbiak" azaleratu zituela 2014ko azaroan. Eneko Arruebarrena alkate ohia eta Jon Loizaga Kirol zinegotzi ohia lotzen ditu ustezko irregulartasunakaz. "Ku­tunkeria" sus­moak tarteko, birritan es­­leitu be­har i­­zan zituzten kiroldegia altxatzeko la­nak.

Besteak beste, herenegun Eusko Legebiltzarrak ez zuen onartu Arruebarrena Metro Bilbaotik "berehala kaleratzeko" eskatzea, EAJk eta PSE-EEk UPyDk aurkeztutako proposamenaren kontra bozkatu ostean. Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikoaren Batzordearengan utzi dute erabakia. Bere aldetik, Joseba Zorrilla legebiltzarkide jelkideak adierazi zuen Arruebarrena ez dutela auziperatu, Pinosolo kiroldegiko proiektuaren inguruan sortutako susmoak direla-eta. Alkate ohiaren "errugabetasun presuntzioa errespetatzea" eskatu zuen. Bere berbetan, "joan den maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan Leioako EAJren kudeaketa zintzoa eta eraginkorra balioztatu zuten herritarrek; auzo denetan irabazi zuen". Gaur eztabaidetan ez du sartu gura izan Mari Carmen Urbieta alkateak, "horretarako eguna ez delako".

Aldaketa

Amaitzeko, "ondo dauden gauzak hobetzeko eta txarto daudenak aldatzeko" lan egingo dutela adierazi du Ruben Belandia Esnatu Leioako ordezkariak. Horren harira, aipatutako taldeak udalean aurkeztutako lehenengo proposamena mahaigaineratu du Ahal Duguren (Podemos) ingurukoak. Neska-mutilentzako UDA aisialdi programa hilabete osoz luzatzea eskatu du, baita parte hartzen duten haur denei bazkaltzen ematea, "hozkailu asko hutsik daudelako leioaztarren etxeetan". Aldaketarik ezean, uztaileko hamabostaldi bakoitzean txanda bat egingo dute UDA egitasmoaren barruan.

Udal kontuetan berria dela gogoratu behar izan diote Belandiari, bere ustez ordaindu ezinik argia moztu dieten leioztarrak daudelako. Urbieta alkateak berak baieztatu dio horrelakorik ez dela gertatu azken urteetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun