Mari Carmen Urbieta alkateak berretsi egin du Udalak kaleratutako adierazpena eta “sexu-erasoen aurrean” bere “gaitzespen” irmoena agertu du. Era berean, gogoratu duenez, "Udalak emakumeen askatasun sexualaren kontrako eraso guztiak salatzen ditu; baina, bereziki, adingabekoen kontrakoak", sexu-eraso matxista honetan legez. Horrez gainera, "biktima eta bere intimitate-eskubidea errespetatzea" eskatu du. Azkenik, emakume baten aurkako bortxakeria salatzeko herritarrek emandako erantzun "jendetsua" eskertu du Urbietak.
Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak ere parte hartu du elkarretaratzean. Landaidak nabarmendu duenez, “berdintasun-ezaren erakuslerik gordinena” da emakumeen aurkako bortxakeria. Ildo horretan mezu “positibo” bat eman gura izan du, sexu-askatasunaren aurkako delituak %13 jaitsi direla, alegia. Halere, gogorarazi du erasoak “hor daudela” eta “lanean jarraitu beharra dugula”. Emakunderen zuzendariak garrantzitsutzat jo du leioaztarrek emandako erantzuna: “ez dute zalantzarik izan manifestatzeko eta eraso horren aurka jarrera izateko”. Bestalde, azaldu du Emakunde Leioako Udalarekin harremanetan dagoela, kasuaren jarraipena egin ahal izateko.
Era berean, Mugi Leioako Gazteak “nazkatuta” eta “haserre” agertu dira. Biktima gaztea ere izateaz gainera, erasoak erabat baldintzatu du martitzenean antolatu zuten Arimen Gaueko giroa. Adierazi dutenez, festa horrek “bere magia eta arima galdu ditu”. Gazte-elkarteko kideek argi utzi dute ez dituztela “eraso-egileak errespetatzen, ezta jarrera horien aurrean pasiboki agertzen direnak ere”. Bestalde, “hainbat hedabideren eta pertsonen jarrera morbosoa” kritikatu dute.
Pasa den martitzenean, goizaldeko 02:45ak aldera izan zuen sexu-erasoaren berri Ertzaintzak; Elexalde auzoan gertatu zen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ezagutarazitakoaren arabera, gizonezko gazte bat atxilotu zuten 03:30 aldera, sexu-erasoaren ustezko egilea delakoan. Neskatoa Gurutzetako ospitalera eroan zuten, eta mediku forentsearen zaintzapean utzi; etxean da daborduko. Ustezko erasotzailea, 18 urteko mutil bat, Getxoko epaitegiaren esku lotu zen, nahiz eta karguakaz aske geratu zen epailearen aurretik pasa eta gero.
Mugi Leioako Gazteak elkartearen adierazpena
Mugi Leioako Gazteak elkartetik pasadan astelehenean gertatutakoa salatzen dugu. Aurten Arimen Gauak bere magia eta arima galdu ditu. Hunkituta gaude, dezepzionatuta gaude, eta batez ere haserre. Nazkatuta.
Ez ditugu horrelako jarrerak onartzen, ez ditugu erasotzaileak errespetatzen, ezta jarrera hauen aurrean pasiboki agertzen direnak ere. Ez, ez da! Eta ezetza edozein momentutan da ez. Denok dakigu ezetza zer den. Ez dago aitzakiarik ezta justifikaziorik ere.
Gertatutakoa, eraso sexista, salatzen dugu, baina era berean, errespetu eta kontzientziazio falta ere.
Bestalde, hainbat hedabide eta pertsonen jarrera morbosoa kritikatzen dugu. Zentratu gaitezen. Zentratu gaitezen arazoaren muinean eta utz ditzagun inora ez doazen datuak alde batera.
Mugitik babes guztia adierazi nahi diogu pertsona berari, familiari eta lagunei. Herriari zein Udalari berehalako erantzuna ematea exijitzen diegu. Pasibotasunetik subjektu aktibo izatera pasatu behar dugu, eta salaketatik ekintzara. Aski da! Eraso sexistarik ez!