Leioako sanjoanak "denentzako jai seguruak" izateko neurri bereziak ezarri ditu Udalak

Ander Zarraga 2023ko eka. 21a, 10:16

Leioako Udalak ia 90 polizia-agente mobilizatuko ditu jaietan segurtasuna bermatzeko.

Eguenean hasiko dituzte Leioako San Juan jaiak, nahiz eta aurreko aste-akabuan kuadrillak motorrak berotzen hasi ziren Antzinako egunagaz. Aurten, droga eta alkohol kontrolak indartuko dituela iragarri du Udalak, horretarako, poliziaren presentzia areagotuko dute. Baina ez hori bakarrik, sexu-erasoak ekiditeko, aurreko urteetako informazio-guneak eta eragile moreak ere mantenduko dituzte.

Daborduko Leioa prest dagoSan Juan jaiak ospatzeko, era guztietako publikoari heltzeko asmoz, jai-egitarau zabal eta askotariko bategaz. Hori horrela, Udalak dei egin die herritarrei ekitaldiak errespetuz eta tolerantziaz goza dezaten. Modu ofizialean jaiei hasiera emateko eguenean, ekainaren 22an, txupina jaurtiko dute udaletxetik, eta, ondoren, kuadrillen jaitsiera egingo dute. Ekitaldi dibertigarri eta jendetsu horrek 96 kuadrilla batuko dituela aurreratu dute udal-iturriek.

Festak hasteko pregoia botatzeaz arduratuko dira Aranzazu Alday Sanchez eta Asel Belategi Lopez de Aretxaga; hurrenez hurren, Mari Pepa eta Arlote. Biak Gaude elkartearen kidak dira eta beti hartzen dute parte Leioako San Juan jaietako hainbat ekitalditan. Udalak aniztasun funtzionala duten pertsonak ikustarazi eta dagokien garrantzia eman gura diela azpimarratu du, hain bereziak diren egunotan protagonistak izan daitezen eta parte har dezaten.

Horren ostean, hurrengo lau egunak guztientzako moduko jardueraz beteta egongo dira: ez dira faltako kontzertuak, bakarrizketak, haurren ekitaldiak, dantzak, kirola, txosnak, barrakak... Laburbilduz, Leioako jai-girorik onena.

Jai seguruagoak

Hastear dauden jaietan segurtasuna bermatzeko Udalak martxan jarriko du Leioakoa Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren 84 agente izango dituen operazio indartua. Hala, sanjoanetan zehar, "ezbeharrak saihestea eta denen gozatzea bermatu" gura dutela azpimarratu dute udal-iturriek. Horretarako Udaltzaingoak polizia kide gehiago izango ditu lanean, eta polizia-patruilak egongo dira, uniformez zein kalez jantzita, jai-gunean zein inguruan eta Leioako metro geltokian ere, liskarrak eta erasoak saihesteko helburuagaz.

Gainera, arreta berezia emango diete jaietan zehar alkohola eta substantzia estupefazienteak kontsumitzeari eta prebenitzeari. Zentzu horretan, prebentziorako alkoholemia eta droga kontrolak ere egingo dituztela iragarri dute, horiek hartu dituztenek gidatu dezatela saihesteko. Halaber, objektu arriskutsuak konfiskatzeko kontrolak ere egingo dituzte. Era berean, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jai ekitaldietako partaideei ohartarazi diete diru zorroak eta norberaren gauzak zain ditzaten, lapur gehiago egon daitezkeela eta aurreikusi baitute.

Metro geltokietan ere kontrolak egingo dituztela aurreratu dute, adingabeek Leioara beste udalerri batzuetatik edari alkoholikoak eramatea saihesteko. Alkohola saltzen duten lokalak ere bereziki zainduko dituzte, adingabeei edari alkoholikoak saltzea saihesteko. 

Eraso sexisten aurkako prebentzioa

Aipatutako neurriez gain, Iban Rodriguez alkateak adierazi duenez, “jarrera sexistak eta homofoboak ez dira onartuko Leioan”. Hori dela eta, Udalak jakinarazi du “sare sendoa” ehundu duela udalerriko kuadrillen, txosten eta ostalaritza-lokalen lankidetzagaz, "Leioa guztiontzako toki segurua izan dadin".

Horregaz batera, jai-egunetan zehar, Bulebarrean eta txosna-gunean sexu-erasoen kontrako prebentziorako informazio-guneak eta eragile moreak ere mantenduko dituzte. Besoko morea eramango dute eta jai-gunean egongo dira eta norbait mehatxatuta edota deseroso sentituz gero, haiengana joan eta laguntza eskatu ahal izango zaie.

Buaktzeko, aurten ere Udalak berriro eskainiko du udalerriko biztanleak etxera eramateko zerbitzua. Horren bidez, egon daitezkeen erasoak edo lapurretak saihestu gura dituztela azaldu dute; izan ere, joan den urtean ekimenak oso harrera ona izan zuela gogoratu dute, ehun joan-etorri baino gehiago egin baitzituzten.

Erlazionatuak

Leioako sanjoanek badute egitaraua!

Ander Zarraga 2023 eka 12 Leioa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun