Leioako alkatea herritarrakaz batuko da udalerriko behar, lehentasun eta hobekuntza-ideien berri izateko

Erredakzioa 2024ko urt. 23a, 14:35
Astez aste, Iban Rodriguez Leioako alkateak herriko auzoak bisitatuko ditu herritarrakaz bilerak egiteko. © LEIOAKO UDALA

Iban Rodriguez Leioako alkateak bederatzi topaketa ireki egingo ditu maiatzera bitartean herritarren premiak eta proposamenak zuzenean jasotzeko. Lehen hitzaldia hilaren 31n egingo du Behargintzaren egoitzan; bertaratzeko aldez aurretik izena eman beharko da leioa.zabalik@leioa.eus helbidera idatziz edo 747 49 45 90 telefono-zenbakigaz harremanetan jarriz.

Leioako alkateak, Iban Rodriguez Etxebarriak, Alkatearekin partekatzen izeneko herritarren parte-hartze eta entzute aktiborako programa abiatuko du hurrengo astean. Bederatzi topaketaren bitartez, alkatea herritarrakaz elkartuko da Leioako beharrak, lehentasunak eta Leioa hobetzeko ideiak "bertatik bertara" ezagutzeko.

Alkateak berak azpimarratu duenez, "hurbiltasuneko, gardentasuneko eta kontuak emateko guneak sortu nahi ditugu, herritarrek eta ordezkari politikoek elkarri eragiteko, partekatzeko eta elkarlanean aritzeko". Era berean, azpimarratu du programa hau Leioako 2023-2027 Agintaldi Planaren barruan sartzen den proiektuetako bat dela, zehazki Leioa Irekiaren eremuan.

"Gobernantza berriaren eredu bat jarraitzen dugu, kudeaketan gardena den Udal bat bultzatzen duena, sarbide erraza eta unibertsala duena, eta herritarrekin lankidetzan jarduten duena erabakiak hartzen", adierazi du alkateak, eta gogorarazi duenez, "udalerri erreferentea eta eredua gara parte-hartze prozesuetan, eta hala izaten jarraitu nahi dugu honelako proiektuekin".

Bederatzi topaketa

Guztira, alkateak bederatzi topaketa egingo ditu udalerriko hainbat gunetan. Horietan Leioa osoari eragiten dioten gaiak jorratzeaz gain, auzoetako gai konkretuak ere landuko dituzte; izan ere, topaketa bakoitzean udalerriko auzune batean izango da.

Topaketa guztietarako ordutegia berdina izango da, 18:30etik 20:00etara. Horietan parte hartu gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute leioa.zabalik@leioa.eus helbidera mezu elektroniko bat bidalita, 747 494 590 telefonora Whatsapp bidalita edo deituta. Edozein kasutan, interesdunek izena, abizena eta harremanetarako telefonoa adierazi beharko dute.

Lehenengo topaketa hurrengo asteko eguaztenean izango da, urtarrilak 31, Behargintzaren instalazioetan, Mendibil kaleko 3. zenbakian. Kasu horretan, hitzaldia Iturribide, San Juan, Ikea eta Mendibileko bizilagunei zuzenduko diete. Gainerako topaketak honako hauek izango dira:

  • Otsailaren 14an, eguaztena, Elexalde, Iparragirre Etorbidea, Sabino Arana, Luis Libano, Independentzia eta Leioandiko bizilagunentzat.
  • Otsailak 28, eguaztena, San Bartolome txokoan. Aldekoena, Larrakoetxea eta Artatzaganako herritarrentzat.
  • Martxoak 13, eguaztena, San Bartolome Kulturgunean. Artaza, San Bartolome, Telleria, Basañese eta Perurin bizi direnentzat.
  • Martxoak 19, asteartea, Lamiakoko Adinekoen Zentroko aretoan. Lamiako-Txopoeta, Txorierri, Begoñako Ama eta Ibaiondoko bizilagunentzat.
  • Apirilaren 10ean, eguaztena, Ondizeko dorrean. Udondo, Ondiz eta Aketxeko bizilagunentzat.
  • Apirilaren 17an, eguaztena, Behargintzaren egoitzan. Kandela Zubietan eta Iparragirre zeharkalean bizi direnentzat.
  • Maiatzak 8, eguaztena, Gaztelubide txokoan, Pinuetan bizi direnentzat.
  • Maiatzak 22, eguaztena, Kultur Leioan, Santimami, Santsoena, Sarriena, Kazetariak eta Mardoenako bizilagunentzat..
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun