Leioako Udalak 70 proiektuko aginte-plana aurkeztu du 2027ra bitarterako

Ander Zarraga 2023ko abe. 15a, 11:00

Leioako alkatea eta alkateordea 2023-2027 aginte-plana aurkezten. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak 2023-2027 Agintaldi Plana aurkeztu du, gobernu-taldearen ibilbide-orria; hurrengo lau urteetarako udal-lehentasun, helburu eta jardueren oinarriak ezartzen dituena. Iragarri dituzten lan-ildo nagusiek herritarren eta Udalaren arteko harremana hobetzea, udalerriaren erakargarritasuna areagotzea eta inklusioa sustatzeko helburua dute, beste askoren artean.

Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak, Estibaliz Bilbao, Pilar Grados eta Mikel Abascal alkateordeakaz batera, aurkeztu du hiru eremu estrategiko, 15 erronka eta 70 ekintza biltzen dituen dokumentua. Leioa Gurea leloa daraman agiriaren bitartez leioaztarrei Agintaldi Plan berriaren asmoen berri emango diete. 

Alkateak azpimarratu duenez, "aurkezten dugun dokumentua zintzotasunez eta gardentasunez egina dago, gure ibilbide-orria izango da, baita herritarrei kontuak emateko oinarria ere". Halaber, zera gaineratu du udalburuak: "Leioa bere kudeaketan gero eta berritzaileagoa, hurbilekoagoa eta parte-hartzaileagoa izatea nahi dugu, erakargarriagoa izan dadin bizitzeko, bisitatzeko eta ekiteko, eta, bidezkoagoa, pertsona guztiak artatuta eta zainduta sentitzeko".

Lan-ildoak

Udalak aurkeztu duen dokumentuak hiru eremu estrategiko zehazten ditu: Leioa Irekia, Leioa Bizi eta Leioa Zaindu Egiten Zaitu. Batetik, lehen puntuak hiru eremu estrategiko eta 10 proiektu konkretu ezartzen ditu, herritarren eta Udalaren arteko harremana eta hurbiltasuna hobetzeko. Lehen eremu horretan ezartzen diren proiektuen artean hauek nabarmendu dituzte: Leioa Auzoetan garatzea, auzo guztietara eramateko; Gazteriaren Udal Kontseilua sortzea, alkateak eta herritarrek Alkatearekin Partekatzen prozesuagaz duten harreman-modu berrietarako gune bat izan dezaten; eta Leioa HUB garatzea, ekintzailetzarako eta kultura eta gizarte-berrikuntzarako gunea.

Bestetik, Udalak Leioa Vivir bigarren eremuari dagokionez, udalerria bizigarria eta atsegina izatea du helburu udal-gobernuak, aisialdirako, atsedenerako eta gozamenerako gune berdeakaz; bizitzeko, egoteko, partekatzeko eta gozatzeko gonbita eginez, eta, aldi berean, udalerria ekintzailetzarako edo turismorako erakargarria eginez. 


© LEIOAKO UDALA

Bigarren helburu horretarako zazpi erronka eta 29 proiektu ezarri dituzte, hala nola mugikortasun iraunkorra, lurralde-kohesio planak, ekintzaileak babesteko jarduerak, Torresoloko kiroldegia, emakumeei arreta berezia eskaintzea edo konpromiso energetikoagaz, turismoagaz eta bizitegi-erakargarritasunagaz zerikusia duten proiektuak ere.

Azkenik, Leioa Zaindu Egiten Zaitu hirugarren arloak udalerri solidarioa, askotarikoa, inklusiboa, bidezkoa eta kohesionatua izaten jarrai dezan beharrezkoak diren ekintzak zehazten dituela azaldu dute. Iragarri dutenez, gobernu-taldeak lan egingo du Emakumeen Herri Etxea sortzeko, eguneko zentro bat martxan jartzeko eta adinekoentzako etxebizitza komunitarioak sustatzeko. Kirol arloan, Kirol Elkarteen Sarea eta euskararen arloan Euskara Plan berriaren garapena ere nabarmendu dituzte.

Garapen Iraunkorrerako helburuak

Bukatzeko, Udaleko arduradunek azpimarratu dute Leioako 2023-2027 Agintaldi Plana bat datorrela Garapen Iraunkorreko Helburuakaz; erronka bakoitzean, eta garatu beharreko ekintzekin zerikusia duten GJHak identifikatu dituzte. Kokapen ariketa hori Leioako Udalak Nazio Batuen 2030 Agendaren garapenean laguntzeko eta aurrera egiteko duen konpromisoa islatzen du.

Agintaldi Planaren zabalkundeari dagokionez, jakinarazi dute dokumentu osoa Leioa Zabalik-en webgunean kontsultatzeko eta deskargatzeko moduan egongo dela, eta leioaztarrek beren etxeetan laburpen bat jasoko dutela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun