#0KM - Berton bertokoa

Ramon Uribe: "Datozen asko jada ez dira bezeroak, lagunak baizik”

Nahia Martinez Gondra · Hodei Torres 2024ko ots. 14a, 12:48

38 urte daramatza Kopileioa negozioak leioaztar guztiei bere zerbitzua ematen. Ramon Uribek sortu zuen 1986an beste kide bategaz batera eta ordutik dendan aldaketa batzuk egon direla hausnartu du, hala nola saltzen dituzten produktu motak edota digitalizazioagaz batera etorritako berrikuntzak. Hala ere, Uribek argi du bera dela Kopileioaren esentzia: “Ez ni pertsonalki, baizik eta ematen dudan zerbitzua eta sortzen ditudan harremanak. Datozen asko jada ez dira bezeroak, lagunak baizik”.

Urte hauetan, hainbat aldaketa bizi ditu negozioak: “Digitalizazioagaz batera fotokopiatzeko makina guztiak eguneratu behar izan nituen eta nire kabuz ikasi nuen horiek erabiltzen”. Hasieran, fotokopiez aparte, beste produktu batzuk ere saltzen zituzten: margotzeko materialak, idazteko makinak, lumatxak, etab. Horiek ondo erakusteko, dendak erakusleihoa izan ohi zuen. Alabaina, inbertsio handia egiten zuten horiek erosteko eta produktuak saldu arte denbora egoten ziren dendan. Horregatik, egun, fotokopietan oinarritzen da negozioa.

Kopileioaren identitateaz hausnartzean, argi du erantzuna: “Dendaren esentzia ni neu naiz. Ez ni pertsonalki, baizik eta ematen dudan zerbitzua eta sortzen ditudan harremanak. Datozen asko jada ez dira bezeroak, baizik eta lagunak”. Hala, aitortu du oso pozik dagoela Leioako biztanleek eman dioten guztiagatik. “Laboralki bizitza eman didate”. 

Hala, azaldu du negozioaren bezeroak beti direla herrikoak: ikasten ari diren gazteak, tramite bat egiteko fotokopiak behar dituzten pertsonak, etab. “Ez dago profil zehatz bat, baina hainbeste urte hemen lanean aritu eta gero fideltasuna nabari dut bezeroekin”, baieztatu du. Halaber, haietako askogaz euskaraz eraiki du harremana, euskaltzaletasunaren aldeko apustua eginez egunero. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun