Elkarrizketak

Eva Guerrero: "Niretzat, ideiak proposatzeko eremua da artea, ondoren zuk interpretatu ditzazun"

Ander Zarraga 2024ko mar. 13a, 09:00
Guerrerok eszena-sortzaile gisa deskribatzen du bere burua. © AROA SOTELO VELASCO

Eva Guerrero dantza-ikuskizunen sortzaileak Tierra de nadie bere azken lana ekarriko du Kutur Leioara, eguenean, martxoaren 15ean. Leioaztarrak itsaso sakonean, naturan eta gorputzen artean dagoen baina inorena ez den eremu hori ezagutzeko bidaia proposatzen du zuzeneko musika, dantza, argia eta gorputzen hizkuntzagaz egindako ikuskizun honetan.

Zer kontatu ahal diguzu Tierra de nadie ikuskizunari buruz?

Dantza garaikideko ikuskizuna da; esango nuke itxura ederra duela hain polita ez den zerbait kontatzeko. Honen guztiaren atzean Garazi Lopez de Armentiak eta biok egindako ikerlana dago, eta abiapuntua zera da: non hasten da gorputz bat eta non bukatzen da bestea? Guk ulertzen dugu gorputzak ez direla azalean bukatzen, zu eta nire artean gorputzek bat egiten duten leku bat dagoelako; eremu hori ez da ez zurea ezta nirea ere, inorena ez den lurra da. Horrez gain, argiaren konposaketaren aldetik poesia asko duen ikuskizuna ere bada, eta musikak eta ahotsak ere berebiziko garrantzia dute.

Ikerkuntza- eta sormen-prozesu hori nola eraman duzue agerlekura?

Prozesu luzea izan da. Inspirazioa nigana etortzearen zain dagoen horietako bat naiz, horregatik, uste dut garrantzitsua dela lanean jarraikortasuna eta pazientzia edukitzea. Adibidez, prozesu honetako lan asko naturan egin ditugu, eta hori presente dago agerlekuan makilen eta enborren bitartez. Itsaso sakonean ere inspiratu naiz, eremu bitxi eta ezezagunak iradokitzen dizkidalako, eta horren moduko atmosfera bat sortzen saiatu naiz. Elementu horietatik abiatuta hasi nintzen narratiboa eta onirikoa den kontakizun bat sortzen. Hau kontatu arren, gero publikoak ez du zertan jakin behar ni horretan oinarritu naizenik, beraiei iradokitzen dietena sentitzea gura baitut. Niretzat, artea ideiak eta sentimenduak proposatzeko eremua bat da, baina bakoitzaren interpretaziora irekita geratu behar da.

Esango zenuke dantza garaikidea hainbat interpretaziora irekita dagoen zerbait dela?

Nik horrela ulertzen dut dantza, ni ere horrela hezita nagoelako. Jendeari beti ulertarazten saiatzen naiz ez dutela zertan ikuskizuna egitura klasiko batetik ulertu behar, istorio bat kontatzeko bestelako modu bat delako. Nire ikuskizunak errazak egiten saiatzen naiz, jendearengana heldu gura dudalako; artista bat naiz, baina ez naiz igeltsero edo kazetari bat baino gehiago sentitzen. Batzuetan uste dut artistak oso toki elitista batean kokatzen direla eta pentsatzen dutela beraiek egiten duena ez dela mundu guztiarentzat.

Uste duzu oraindino tabuak daudela gorputzaren eta bere adierazpenaren inguruan?

Nik klaseak ematen ditudanean kontaktutik egiten dut lan, eta ikusten dut jendea nahiko azkar ohitzen dela, berdin dio zein adinetakoak diren. Uste dut errespetutik egiten den kontaktu horretan gorputzak eskertu egiten duen zerbait dagoela. Ikusten dut nire klaseetara datorren jendeari aurpegia aldatzen zaiola, erlaxatu egiten direla; ez dakit horrek norainoko eragina duen beraien eguneroko bizitzan, baina hainbat urte daramatzat hemen klaseak ematen eta jendeak urtez urte errepikatzen du. Hala ere, uste dut gure gorputzarengandik oso deskonektatuta gaudela, gizarteak ere ez digulako horretan laguntzen. Nahiago nuke gorputz-adierazpena txikitatik landuko balitz, horrela alaiago biziko ginatekeelako, klaseetan hori ikusten baitut.

Doos kolektiboa. Jemima Canok eta Eva Guerrerok osatzen dute Doos kolektiboa, eta beraien lana proposamen kulturalak sortzea, zabaltzea eta partekatzean datza. Hurrenez hurren, ekoizle-kudeatzailea eta sortzaile-zuzendaria dira, eta horri esker hainbat sormen-lan garatu eta kudeatzeaz gain, sorkuntza-guneak ere kudeatzen dituzte nazioarteko proiektuetan eta sentsibilizazio programetan.

Erlazionatuak

Antzerkia: "Tierra de nadie"

Ander Zarraga mar 13 Leioa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun