Udal hauteskundeak 2015

Lemoizko EAJren boto-paperak txarto egon daitezke

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 24a, 08:15
Unai Andraka Lemoizko alkate eta alkategai jeltzalea. © EAJ

Euzko Alderdi Jeltzalearen Euskadi Buru Batzarrak salatu egin du Gernika-Lumoko Hauteskunde Batzordearen eremuko udalerri "askotan", etxean utzitako hauteskunde-gutun-azaletako boto-paperak ez direla beharko luketenak. Kasu batzuetan, EH Bildurenak agertu omen dira gutun-azal horien barruan eta beste batzuetan, berriz, EAJrenak, baina beste udalerri edo barrutietakoak. Jeltzaleek ez dute eman balizko ordezkapen horiek gertatu diren udalerrien zerrenda. Lemoiz da Uribe Kostako herri bakarra Gernika-Lumoko Hauteskunde Batzordeak ikuskatzen duena.

EBBk salatu du EAJkoa ez den zenbait pertsonak boto-paper jeltzaleak kendu eta beste hautagaitza batenak (EH Bildu) sartu dituela etxebizitzetako postontzietan. EAJren EBBren Facebook gunean egindako salaketa hori Hauteskunde Batzarraren aurrean berresteko asmoa azaldu du EBBk. Euzkadi Buru Batzarrak dio ustezko ezezagunek EAJren "balizko boto-emaileak nahastea eta haiei ziria sartzea lortu egin" dutela. EAJk "penagarritzat" jo du ustezko "ekintza" hori, "datorren lekutik datorrela". "Tamalgarria, demokraziaren aurkakoa eta joko zikina" da, jeltzaleen ustez.

Bestalde, boto-emaile jeltzaleei eskatu diete bozkatu aurretik etxera heldu zaizkien boto-paperak azter ditzaten, udalerriaren izena edo Batzar Nagusietarako barrutia zuzen daudela baieztatzeko. Kasu honetan, Lemoiz eta Busturia-Uribe. Erratutako boto-papera ematekotan, botoa baliogabea litzateke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun