Elkarrizketak

Olerkiak euskararen, teknologiaren eta naturaren inguruan hausnartzeko

Ander Zarraga 2022ko urr. 5a, 11:29

Dabid Martinezek Eremu Hurbileko Poesia egitasmoa burutu zuen abuztuan Armintzan.

Ofizioz informatikaria eta afizioz aktibista da Dabid Martinez Perez armintzarra. Abuztuan, Eremu Hurbileko Poesia ekimena burutu zuen, poesia, teknologia eta natura uztartzen zituen proposamena.

Proiektu pilotua izan zela dio Martinezek: "Armintzako erromatar zubitik Urizarrera doan ibilbide ezaguna aprobetxatu nuen, jendea euskarazko poesia irakurtzera animatzeko". Horretarako, 11 euskal sortzailek konpartitutako poesia bana zuten kartelak jarri zituen inguru horretan. Kartelak ezkutatuta zeudenez, bisitariek horiek topatzeko NFC (Near-field communication) teknologia eta QR kodeak baliatu behar zituela dio: "Software librearen aldeko mugimenduko kidea naiz, eta teknologia hori erabiliz, eta olerkiak erabiliz, teknologia, natura eta poesia sustatzeko eta horien erabileraz hausnartzeko proiektu txiki hau gauzatu nahi nuen"

Hasieran, espektatiba oso baxuak zituela aitortu du Armintzan bizi den bermeotarrak: "Kontutan izan behar dugu poesia,euskara eta teknologia zirela egitasmoaren gaiak, beraz, ez ziren bat ere mainstream-ak". Gainera, hedapena maila lokalean bakarrik egin zuela dio: "Aritza Bergara idazle eta lagunak bere sare sozialetan partekatu zuen, eta, oro har, lagunen arteko hedapena besterik ez nuen egin". Hala ere, hilabete bakarrean 146 pertsonak parte hartu zuten ibilbidean, eta euretariko 91k ibilbide osoa egin zuten. "Niretzako oso emaitza polita izan da, hedapen baliabideak zeintzuk izan ziren kontutan izanda".

Kultura librearen alde

Eremu Hurbileko Poesiaren lizentzia Copyleft izan dela azpimarratu du Martinezek, kasu honetan CC BY-SA, hau da sormenezko lanak munduan zehar erraz partekatzeko lizentzia zuten. Creative Commons-eko lizentzia horren helburua da edukiak konpartitzeko oztopo legalak murriztea, horiek aitortuz (BY, Attribution) eta berdin partekatuz (SA, ShareAlike). Egitasmoaren aspektu hori nabarmendu gura izan du egileak Copyleft-ean sinesten duelako. "Uste dut bai euskararentzat bai Euskal Herriko kulturarentzat lizentzia berezi mota honek onura asko ekarri ditzakeela, eta, horregatik, saiatzen naiz egiten ditudan proiektu guztietan sortzen diren materialak modu librean zabaltzen". Azken urteetan, kultura librearen aldeko apustua egiten duten taldeek deituta, han-hemenka aritu da, eta Eremu Hurbileko Poesiagaz, besteak beste, hausnarketa bultzatu gura zuela aditzera eman du.

Gaineratu duenez, egitasmoagoaz kulturak eremu publikoa hartu behar duela ere aldarrikatu gura zuen: "Ez nion inori baimenik eskatu proiektua aurrera eramateko, eta modu kontzientean hartu nuen erabakia". Era berean, "teknologiara eta kulturara museo handi bat izan gabe hurbiltzeko aukera dagoela erakusteko", egitasmorako materialak edozeinek edonon errepikatzeko modukoak sortu zituela dio. Horretaz gain, egitasmoa beste hainbat proiektutarako sustatzeko adibide interesgarria izan daitekeela ere erantsi du: "Tokiko turismoa, mitologia, memoria historikoa... Muga bakarra irudimena da". 

11 olerkari

Hauek izan dira poesiak eman dizkiotenen izenak: Ainara Maia Urroz (Irun), Ainhzie Errekatxo Rekalde (Algorta), Asel Luzarraga Zarrabeitia (Mundaka), Dabid Martinez Perez (Armintza), Ibon Zubiela Martin (Bilbo), Jon Etxebarria Txontxe (Gorliz), Koldo Gezuraga Seijido (Muxika), Maider, Matxalen Bezos Arketa (Bermeo), Mikel Babiano Lopez de Sabando (Urretxu) eta Mikel Etxaburu (Ondarroa). 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun