Elkarrizketak

Lemoizko herri-eskola: "Komunitateak indar handia du gurean"

Iker Rincon Moreno 2023ko urr. 10a, 11:38
Eskolako irakasle batzuk.

Hamarkada bi igaro dira 2003 hartan udalerriko 13 ikasleri zerbitzua emateko eskola sortu zutenetik. Haur Hezkuntzako etapak bakarrik betetzen zituen garai hartan eskola txiki honek, baina, garaiko familien ekinez, urte batzuk geroago, Lehen Hezkuntza bermatzea lortu zuten. Hala, gaur egun, 75 familia, 99 ikasle eta 14 irakaslek osatzen dute tokiko hezkuntza-komunitatea, eta, 20 urteotako urtemuga ospatzeko, jaialdi berezia egin zuten joan den irailaren 20an, eskolan bertan. Bi hamarkadon errealitatea ezagutarazteko asmoz, Magdalena Zabala tokiko zuzendari eta Gorane Elorriaga ikasketa-buruagaz elkartu gara.

Lemoizko herri-eskolaren 20. urteurrena ospatu zenuten joan den irailaren 20an. Zelan laburtuko zenukete hamarkada bi horietan eskolak egindako ibilbidea?

2003an, Haur Hezkuntzan 13 ikasle besterik ez zeuzkan eskolak, baina, familien ekinez, beranduago Lehen Hezkuntza zabaltzea lortu zen. Lekurik ez zegoenez, Abade etxea eskatu zuten eta, gero, 2021ean, eskola berrian sartu ginen. Aipatzekoa da otsailetik Haur Hezkuntza zena jantokia dela (in situ), eta gaur egun 99 ikasle ditugula.

Lemoizkoa eskola txikia da; zerk egiten du berezi edo zer abantaila ditu horrek eskualdeko beste udalerri handiagoren batean topa daitekeen bategaz alderatuta?

Eskola txikiak herri txiki eta auzoetan kokatuta dauden eskolak dira. Lemoizkoa ere, beste eskola txikiak bezala, elkarren artean erlazionatzen dira, harreman zuzena dute naturarekin, eta landa eremuak duen garrantzia sumatzen da toki horietan. Herriko eskaintza bakarra da, eta gela berean zenbait adinetako ikasleak elkartzen dira. Haien arteko harremanak oso aberatsak izan ohi dira eta elkarreragina eta kooperazioa era naturalean sustatzen dira. Gure eskola proiektuka lan egiten du. Gainera, ikaskomunitateetan trebatzen gara, horrela, eskola txiki honetako irakasleek eta gurasoek hartu-eman estua dute. Ikasturte honetan zenbait proiektu ditugu abian, hala nola STEM, Eleaniztsunerantz A modlitatea, Nolega eta Ikaskomunitateak.

Txikia izateak komunitatean indarra jartzea ekartzen du, ezta? Zelakoa da zuen komunitatea?

Eskola urte askotatik hona, ikaskomunitateen sarean sartuta dago. Horietan, komunitateak indar handia du ikasleen dinamiketan. Talde elkarreragileak aurrera eramateko familiak gelara parte hartzera deituak izaten dira. Batzordeetan gurasoak parte hartzera deituak izaten dira eta elkarrekin sortzen diren erronkei komunitate bezala aurre egiten zaio. Jakina da familia askok eskola-orduetan lanean dihardutela, baina, ahal den neurrian, haien parte-hartzea eta erabakiak hartzeko orduan haien iritzia garrantzitsua da eskolarako. Eskolak eta EIGE harreman zuzena dute eskolako ekintzak aurrera eramateko.

"Eskola txiki izatea sentimendu bat da, zaindu eta elikatu behar dena. Gainera, publikoa eta txikiak izanda ere, punta-puntako gauzak egiten ditugu"

Izaera hori indartzeko ekintza, ekimen ala jarduera berezirik egiten duzue?

Eskola txiki izatea sentimendu bat da, zaindu eta elikatu behar dena. Gainontzeko eskola txikiekin sarean etengabeko informazio trukea dago. Gainera, urtean zehar beste eskola txikietara joaten dira gure ikasleak haiek egindako antzerkiak edo aurkezpenak ikusteko. Eta haiek gurera etortzen dira ere gure antzerkiez eta ikuskizunez gozatzeko.

Zein da Lemoizko herri-eskolaren helburua gizarteari dagokionez?

Gure ikasleen irteera-profila ahalik eta aberatsena izatea gizarteak eskatuko dienari erraztasunez aurre egiteko. Adibidez estrategiak garatzea: informazio fidagarria bilatzen jakitea, talde lanean aritzea eta pentsamendu kritikoa garatzea erronka desberdinei irtenbidea bilatzeko.

Eskola zabaldu zenean, orain 20 urte, 13 ikasle zenituzten. 14 urte geroago, 2017an, 91 ziren, eta eskola txiki gelditzen ari zelakoan, Jaurlaritzak eskola hobetzeko proiektua martxan jarri zuen. Hala ere, garai hartako zuzendariak proiektua nahikoa ez zela iritzita, eraikin berri bat aldarrikatu zuen. Zelakoa izan da eskolaren bilakaera ordutik hona?

2021ean eskola guztiz berritu zen eta ez zen espero genuen bezain handia izan. Haur Hezkuntzako gelak txikiak geratu dira, metodologia berriztatzaileek eskatzen dituzten espazioak zabalagoak direlako .

20 urteotan beharrizanak aldatu egin dira Lemoizko herri-eskolan?

Guztiz. Curriculum aldaketak zenbait aldaketa ekarri ditu. Gaur egun, ordenagailuak eta digitalizazioak aldaketa nabarmena ekarri du gizartean, eta lehen beharrezkoak ziren edukiak eta estrategiak ez daukate zerikusirik gaur egungo oinarrizko jakintzekin eta estrategiekin. Informazioaren eta digitalizazioaren garai honetan ikaslea dago erdigunean. Betidanik bultzatu dira metodologia aktiboak, baina, gaur egun, are gehiago. Ikasleen erronka errealak ebazteari garrantzia ematen zaio bere ikaskuntzaren partaide izan dadin.

Gaur egun beteta daude horiek guztiak?

Saiatzen gara, hori da irakasleon eta eskolaren erronka.

Lemoizko herri-eskolak 20 urte bete ditu dantza eta musika artean

Erlazionatuak

Lemoizko herri-eskolak 20 urte bete ditu dantza eta musika artean

Iker Torre · Nahia Martinez Gondra 2023 ira 22 Lemoiz

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun