Aitor Garagarzak Plentziako alkate-kargua hartu du

Ander Zarraga 2023ko eka. 19a, 12:01

Plentziako aginte-makila EH Bilduk bereganatu du maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetan gehiengoa lortu ostean. Koalizio abertzaleak sei zinegotzi lortu zituen 11tik; aldiz, orain arte agintean izan den EAJk hiru eskuratu zituen eta Isuskitzako bizilagunen hautagaitzak bi.

Garagarzak Elixabete Uribarri EAJko alkate ohiaren eskuetatik jaso zuen Plentziako aginte-makila, eta egin zuen lehenengo gauza protokoloa haustea izan zen, oposizioko alderdiei eman baitzien hitza.

Lehenik, Isuskitzako bizilagunen zerrendaburu Miren Nekane Oraak egin zuen berba, eta azpimarratu zuen "indarragaz" sartu direla Plentziako Udalean, "emandako botoen % 18 jaso baitugu". Horregaz batera, eurek ordezkatzen dituzten Isuskitza auzoko bizilagunen eskubideak aldarrikatu zituen. EH Bilduren garaipena zalantzan jarri gabe, zinegotzi independenteak abstenitzea erabaki zutela ere azaldu zuen, "lan egiten utziko gaituen inpartzialtasuna mantendu gura dugulako". Era berean, hiribilduko auzoak kudeatzeko era berri baten beharra ere azpimarratu zuen, eta, bukatzeko, Oraak alderdiaren alma mater izandako Angel Nietoren lana goraipatu zuen, aurreko domekan zendu zela gogoratuz. 

Jarraian, Elixabete Uribarri jeltzaleak hartu zuen hitza, eta alkate berria eta talde independentea zoriondu ostean, "pandemiak markatutako agintaldi gogorra" izan dela azpimarratu zuen. Era berean, kargua uzten duen alkateak bere taldeak egindako lana goraipatu eta aitortu zuen "hobetzeko tarte handia" izan dutela. 

Azkenik, Aitor Garagarzak bere hitzaldia egin zuen, eta, hasteko, gogoratu zuen 1937ko ekainaren 14an tropa frankistek Plentzia hartu zutenetik 86 urte bete zirela: "Egun bat geroago, hegazkin italiar faxistek Ontziola plazan zegoen ume bat tiroz hil zuten, Eugenio Campillo". Jarraian, Errepublikaren garaiko alkateek eta beste hainbat herritarrek hiribildua utzi behar izan zutela ere gogoratu zuen, besteak beste, bere aitona, eta, hunkituta, "faxismoa pairatu zuten eta duten guztiei" aitortza egin zien. Horren ostean, Plentziako Udaletik pasatutako hainbati aitortza ere egin zien, eta, bukatzeko, zera gaineratu zuen: "Lau urtetako bide honetan zuek bidelagun izango zaituztegula, lubaki honetatik gure ametsetatik gertuago dagoen herria ehuntzen duzuen pertsonak zuek zaretelako. Garai ilun hauetan, keinuz eta ekintzez beteriko ortzadarrak eraiki ditzagun bizipoza defendatuz, esperantza biderkatuz. Gaua beti delako ederragoa bukatzear dagoenean".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun