Uribe Kosta jaietan 2016

Esne Beltza, La Pulqueria eta Sorkun izango dira Sopela Kosta Festen

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 16a, 20:40

Sorkun abeslaria. CC-BY-SA MAKOKI

Irailaren 22tik 25era ospatuko da Sopela Kosta Fest jaialdiaren hirugarren edizioa eta daborduko programazioaren hainbat ekimen aurreratu du Sopelako Udalak. Hala, surfaren eta bere kulturaren eskaintza zabalagoa izango da aurten. Musikari dagokionez, udaletxearen plazako oholtzan 9 talde eta dj izango dira: Esne Beltza, La Pulqueriia, Sorkun, Hey Mr. Neken, Dead Bronco, Rural Zombies, The Great Barrier, The Clams eta DJ Göo.

Sopela Kosta Festek Euskadiko Surf Zirkuituko bigarren lehiaketa hartuko du; Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da SUP, longboard eta helduen mailan; eta EHSFren kluben arteko lehiaketan emakumezkoak izango dira taldeetako kapitainak.

Era berean, surfaz eta naturaz eginiko erreportajeak aurkezteko epea abuztuaren 29ra arte zabalik izango da. Izan ere, inoiz baino surf gehiago eta Euskal Herriko musikarien pisu handiagoa: horiek izango dira irailaren 22tik 25era artean Sopela Kosta Festen hirugarren jardunaldiak izango dituen ezaugarri nagusietako bi. Ohikoa denez, Bizkaiko kostaldeko herri honetan egiten den jaialdiak natura, surfa, surfaren kultura eta musika izango ditu ardatz. Kontzertu denak doakoak izango dira.

Musika-emanaldiak

Valentziako La Pulqueria taldea izango da irailaren 23an, barikuan; ohikoak dituen musika estiloak nahastuko ditu, tartean mexikar corridoa, ska edota hard rocka. Egun horretan, Amerikar Estatu Batuetako Eagles taldearen omenez egiten duen rocka joko du Hey Mr. Neken taldeak, BBK Live jaialdiko errebelazioa izan den The Rural Zombies gipuzkoarren aurretik. 1990eko hamarkadan Kashbad taldeko buru izan zen Sorkun kantariak erakutsiko du, halaber, zergatik den XX. mendeko euskal rockaren erreferentzia nagusietakoa.

Zapatuan, irailaren 24an, Esne Beltza izango da kartel-burua, trikitixa eta musika estilo beltzagoak uztartuz. 1950eko eta 1960ko hamarkadetako usaina darion soulaz arduratuko da Madrilgo The Clams, erabat emakumezkoz osatutako taldea. Dead Bronco eta The Great Barrier uribekostarren rock independentea eta DJ Göo nafarraren disko-saioak itxiko dute musikaz beteriko bigarren jardunaldi hori.

Surf gehiago, txapelketak eta doako ikastaroak

Sopela Kosta Festen hirugarren ekitaldia orain arte egin diren guztien artean "surferoena" izango da, kirol horren inguruko kulturari lotutako hainbat ikastaro eta aisialdiko ekintza eskainiko baititu, bai eta Euskal Herriko surf zirkuituan sona handia duten zenbait txapelketa ere.

Izan ere, Sopelako Udalaren eta Euskal Herriko Surf Federazioaren arteko lankidetzari esker, asteburu horretan egingo da Euskadiko surf zirkuiturako baliagarria den bigarren txapelketa. Beraz, Arrietara hondartzan elkartuko dira euskal espezialista onenetako zenbait. Lehiaketa hori, gainera, Euskal Herriko Txapelketa izango da open eta emakumezkoen mailan, bai eta longboard, SUP eta helduen mailetan ere.

Horrez gainera, EHSFko kluben-arteko txapelketa ere egingo da egunotan. Lehiaketa horretan esku hartu ahal izango dute euskal kostaldean aritzen diren hamaika taldeek. Aurtengo lehiaketaren ezaugarri nagusia da, baina, Sopela Kosta Fest jaialdia dela-eta talde guztien kapitainak emakumezkoak izango direla.

Sopela Kosta Festen ohikoa denez, herriko lau surf-eskola arduratuko dira kirol horretan hastapenak egin nahi dituztenei doako ikastaroak emateaz, nahiz eta aintzat hartu behar den plaza mugatuak izango direla eta ezinbestekoa izango dela neska-mutilek 12 urte beteta izatea. Ikastaroak larunbatean eta igandean eskainiko dira, irailaren 24an eta 25ean, 11:00etatik 13:00etara eta 13:00etatik 15:00etara, Arrietara eta Atxabiribil hondartzetan.

Film laburren lehiaketa: 1.000 euro saritan

Sopela Kosta Fest jaialdiaren iazko edizioan film laburren txapelketak izan zuen arrakasta handiaren ostean, antolatzaileak jasotzen dabiltza egunotan bigarren edizioan parte-hartuko duten bideo-lanak. Ezinbestekoa da filmak surfagaz eta naturagaz lotutako gaiei buruz aritzea, eta gehienez 10 minutuko iraupena izatea. Aurkezteko epea abuztuaren 29ra arte zabalik dago eta ikus-entzunezkoak kultura@sopela.eus posta elektronikora bidal daitezke, edo bestela Kurtzio Kultur Etxera eroan edo postaz igorri (Mendieta 11, 48600 Sopela).

Sarituko dituzten film denak jendaurrean pantailaratuko dira, irailaren 22an, jaialdiaren lehen jardunaldian egingo den gala berezian. Gainera, jaialdiko web gune ofizialean ere ikusi ahal izango dira.

Guztira 1.000 euro banatuko dira saritan. Lanik onenak 500 euroko dirusaria jasoko du, 250 euro herriko egile onenak eta beste 250 euro "Taula Lila" alorreko irabazleak. Atal horretan emakumeek eginiko film-laburrek parte-hartuko dute, eta emakumezkoek surfean duten presentziari garrantzia emango zaio, estereotipoak edota genero ikuspegiko desberdintasunak apurtzeko grinagaz, beti ere.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun