Sopelako TAOren bulegoa Denok Bateraren zinegotzi baten lonjan dagoela salatu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 13a, 11:32
TAOren makina Sopelako hondartza inguruan. © SURF30

Sopelako hondartzetan TAO-zerbitzua lau urtez kudeatuko duen enpresari bere jabegoko lonja bat alokatu omen dio Denok Batera udal taldeko bozeramaileak; lehen negozio partikular bat zeukan bertan, Sopela.net agerkari digital ezkerzaleak gaineratu duenez. Komunikabideak azaldu duenez, maiatzaren 17an argitaratu zuten TAO-zerbitzuaren esleipen-proposamena; eta maiatzaren 24an behin betiko onarpenaren berri eman zuten. "Daborduko maiatzaren 26an TAOren makinak gordetzen zebiltzan Denok Batera udal taldeko bozeramailearen lonjan", nabarmendu du Sopela.net-ek. Hala, "negozioa egiteko, zinegotziek bakarrik eduki dezaketen informazioaz aprobetxatzea" egotzi dio EH Bilduk Ahal Duguren inguruko alderdiko eledunari.

 

Sopela.net agerkariak izenik eman ez duen arren, dirudienez Jon Andoni Gerediaga Bilbao zinegotziaz berba egiten dabiltza; bera da Denok Batera taldeko bozeramailea Sopelako Udalean. Gauzak horrela, ekaineko Turismo Batzordean TAOren bulego berriei buruzko azalpenak eskatu zituen EH Bildu koalizioak. "Ez genuen erantzunik jaso, are gutxiago DB-Podemos taldeko zinegotziaren partez; ez zuen inolako azalpenik eman, berea den lonja bati buruz berba egiten egon arren".

"Herritarrek ez dute horrelako informaziorik euren eskura. Demokrazia- eta gardentasun-lezioak ematera zetozela esaten ziguten; politika eta erakundeak herritarren esku berriro jartzera zetozela ere bai", aurpegiratu dio EH Bilduk Denok Baterari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun