Denok Baterak ukatu egin du informazio pribilegiatua erabili izana

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 20a, 09:00
TAOren makina Sopelako hondartza inguruan. © SURF30

Bere zinegotzi-bozeramaileak aberasteko asmoz informazio pribilegiatua erabili izana ukatu du Sopelako Denok Batera (DB) plataformak. Sopelako hondartzetan TAO-zerbitzua kudeatuko duen enpresari haren jabegoko lonja bat alokatzea eta horretarako, zinegotzi den heinean, informazio pribilegiatua erabiltzea egotzi zion Sopelako EH Bilduk DBko zinegotziari, Sopela.net agerkariaren arabera.

Danok Baterako Batzorde Betearazleak "amorragarritzat" jo du EH Bilduk nahasmena sortu gura izatea "hain arrunta eta agerikoa den egia" bategaz. Prentsa-oharrean adierazi duenez, "EH Bilduk bere webgunea erabili du DBTU alderdiko zinegotzi bozeramailea kalumniatzeko". Gaineratu dutenaren arabera, "Hala ere, hau da egia: DBTU Sopelako zinegotzi bozeramailea lokal baten jabea da eta alokatzeko eskaini du azken urteotan Sopelako higiezinen enpresetan. Higiezinen enpresa horietako batek (frogatzeko dokumentuak ditugu) Ipark enpresaren ordezkariari eskaini zion lokala. Ipark enpresa lokal bila zebilen Sopelan eta, lokalaren ezaugarriak eta prezioa direla eta, interesa azaldu zuen. Une hori arte, ez zuen Ipark enpresaren ordezkaria ezagutzen eta ez zekien bere jarduera zein zen. Udal Batzordean, EH Bildu Sopelak TAO zerbitzuaz arduratuko zen enpresak hartutako lokalari buruzko azalpenak eskatu zizkion Gobernu taldeari, eta beharrezko azalpenak jaso zituen: Gobernu Taldeak TAO zerbitzua esleitu du, baina ez du adjudikaziodun enpresak hartu behar dituen erabakietan parterik hartzen".

Horrez gainera, argi azaldu du "DBTU alderdiaren zinegotzi bozeramaileak ez du EH Bildu Sopela alderdiari bere bizitza pribatuarekiko azalpenik eman beharrik".

Sopelako Danok Bateraren oharra, osorik:

Amorragarria da erabat EH Bildu Sopela alderdiak, egin dituen adierazpenen bidez, hain arrunta eta agerikoa den egia hau bihurdikatu nahi izatea. EH Bildu Sopelaren helburu bakarra DBTU alderdiaren aipua kentzea da.

EH Bilduk bere webgunea erabili du DBTU alderdiko zinegotzi bozeramailea kalumniatzeko. EH Bilduren arabera, DBTU Sopelako zinegotzi bozeramailea zinegotzia izateagatik duen pribilegioz baliatu da informazio zehatz bat lortzeko, irabaziak egiteko asmoz.

Hala ere, hau da EGIA: DBTU Sopelako zinegotzi bozeramailea lokal baten jabea da eta alokatzeko eskaini du azken urteotan Sopelako higiezinen enpresetan. Higiezinen enpresa horietako batek (frogatzeko dokumentuak ditugu) Ipark enpresaren ordezkariari eskaini zion lokala. Ipark enpresa lokal bila zebilen Sopelan eta, lokalaren ezaugarriak eta prezioa direla eta, interesa azaldu zuen. Une hori arte, ez zuen Ipark enpresaren ordezkaria ezagutzen eta ez zekien bere jarduera zein zen.

Udal batzordean, EH Bildu Sopelak TAO zerbitzuaz arduratuko zen enpresak hartutako lokalari buruzko azalpenak eskatu zizkion Gobernu Taldeari, eta beharrezko azalpenak jaso zituen: Gobernu taldeak TAO zerbitzua esleitu du, baina ez du adjudikaziodun enpresak hartu behar dituen erabakietan parterik hartzen.
DBTU alderdiaren zinegotzi bozeramaileak ez du EH Bildu Sopela alderdiari bere bizitza pribatuarekiko azalpenik eman beharrik.

Aipatutakoaz gain, hurrengo hau esan du EH Bilduk bere webgunean: «Herritarrek ez dute horrelako informaziorik euren eskura. Demokrazia- eta gardentasun-lezioak ematera zetozela esaten ziguten; politika eta erakundeak herritarren esku berriro jartzera zetozela ere bai».

Ziur aski, EH Bilduk asko ikasi behar du DBTU alderdiarengandik, demokrazia eta gardentasunaren eremuetan. Hau bai egia: DBTU alderdiaren helburua politika eta erakundeak herriari itzultzea da. Hau ez da EH Bilduk DBTU alderdiarekin loturiko gezur bat zabaldu duen lehenengo aldia, Sopelako lorategiak zaintzeko zerbitzuarekin gauza bera egin zuten.

DBTU - Batzorde Betearazlea

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun