Elkarrizketak

Lizar Begoña: “Istorioan barrena badaude kritika zantzuak, hala nola turistifikazioa, paperezko prentsaren kontsumoaren gainbehera eta sexualitatea”

Iker Rincon Moreno 2024ko api. 24a, 09:45
Lizar Begoña idazle sopeloztarra, bere azkenengo lana eskuetan duela.

Itzalkinez betetako hondartza baten aurreko kiosko bat, eta gainbeheran dagoen paperezko prentsa saltzeko emakume bi; belaunaldi, leku eta errealitate ezberdinetakoak biak. Testuinguru horretan, protagonista horien arteko pasadizoak eta barne-liskarrak mahai-gaineratu ditu Lizar Begoña sopeloztarrak Mundu zitalaren kontra izeneko eleberrian. Martin Parr artistaren argazkietan oinarritutako iruditegia baliatu du horretarako, eta Ainara Alkorta margolari eta lagunak egin du azala, kolorez betetakoa, Benidorm bezalako “basamortu urbano” baten dekadentziaz eta kontrasteez hausnartzera gonbidatzen gaituena.

Poesiaren munduan aritu ostean, prosara edo narratibara egin duzu salto oraingoan Mundu zitalaren kontra eleberriagaz. Zelakoa izan da aldaketa?

Idatzitako lehenengo bi liburuak poesiazkoak izan dira, eta badago salto bat. Azkenean, erritmo, trataera eta estilo aldetik bestelako gakoak ditu narratibak. Asko gozatu dut, esan beharra daukat. Urte bateko lana izan da: beldurgarria tarteka, baina batez ere gozagarria. Narratibak arazo testual ezberdinen aurrean kokatzen du bat, bertigoa ezin da saihestu, baina testuari osotasuna ematea lan ederra da.

Zertan datza lan horren istorioa?

Benidormen girotuta dago kontakizuna. Bertan irudikatutako prentsa-kiosko batean gertatzen da istorioa, eta liburuan zeha, bertako bi langileren kontakizunak eta barne-pentsamenduak tartekatzen dira kapituluz kapitulu. Bi belaunalditako pertsonaiak dira: bata, Benidormekoa, kioskoa ireki zuen arrantzalearen alaba. Eta bestea Bizkaitik kioskora lanera joan den gaztea. Udaldian dago girotuta, eta hiru hilabeteetan dendaren bilakaera da nolabait kontatzen dena. Kioskoan materializatu dudan metafora antzeko bat ekarri nahi izan dut orri artera, paperezko edukiak eta eduki digitalen arteko inflexio-puntu hori irudikatzeko.

Benidorm da kokalekua; zerbatik, bada, hiri hori?

Hainbat arrazoirengatik aukeratutako kokalekua da: batetik, leku antiliterario samarra dela uste dudalako. Oso erromantizatuta ez dagoena eta parodiarako tartea ematen duena. Ironia eta umorea txertatzeko leku egokia iruditu zitzaidan, betiere gai askoren sakontasuna bistatik galdu gabe. Eta, bestetik, proiekturako iruditegi bisuala bilatzen ari nintzela, Martin Parr argazkilariarekin topo egin nuen. Parrek badu argazki-segida bat Benidormen girotuta dagoena, eta material horretatik tiratzea pentsatu nuen. Hala, irudi horiek presente nituela idatzi dut, eta uste dut liburuaren trataeran nabari dela erreferentzia horren eragina.

Zer mezu zabaldu gura izan duzu lan honen bitartez?

Ez nuke esango mezu zehatzik plazaratzen dudanik liburuan; uste dut ez dagoela era aktiboki bilatu dudan ondorio edo nolabaiteko “moraleja”rik. Hala ere, istorioan barrena badaude kritika zantzuak, hala nola turistifikazioa eta masibotasuna, paperezko prentsaren kontsumoaren gainbehera, digitalizazioa, prekaritatea eta sexualitatea.

Zer ahalbidetu dizu narratiba-mota honek hori dena kontatzeko? Poesia ere erabili zitekeen hori dena azaltzeko?

Esango nuke poesia oso modu zuzena dela adierazi nahi dudan edozer hitzetan jartzeko, errealitateari forma bat emateko. Gainera, hizkuntza lupaz begiratzen da. Kasu honetan egoera bat kontatu nahi izan dut, testuinguru zehatz bati argazki bat egin, eta fikziotik errelatatu. Pertsonaiak sortu ditut, eta horiek ere ematen dizute hainbat perspektiba gai askoren inguruan, eta hori poesian orain arte egin izan ez dudan ariketa bat da. Narratibarekin beste gorputz batzuetan sartu ahal izan naiz eta bertatik mundu bat irudikatu, eta beste gozamen mota bat ematen duela uste dut. Plazer eta borroka iturri itzela izan da.

Aurrekoetan egin legez, lan honetan ere hizkuntzagaz eta estiloagaz jolastu gura izan duzu, ezta? Nola, bada?

Jolas estilistikoak edota hizkuntza jolasak egon badaude. Bat aipatzekotan, hizkuntza asko tartekatu ditut, hala nola elkarrizketetan eta kapituluen titularretan; azken horietan, erdien izenak valentziarrez daude idatzita, beste erdiak euskaraz. Bi hizkuntza horiekin jolasteko aukera izan dut, beste ahozkotasun batzuk ekartzeko, eta hori interesatzen zaidan ezaugarri bat da. Gainera, Benidorm hainbat kultura elkartzen dituen hiria da, eta bertoko errealitatea lurreratu nahi nuen. Kasu honetan ez horrenbeste hitzaren forma eta egiturekin.

Valentziarra aipatu duzu; zelan egin duzu murgiltze hori? Aurretiaz ezagutzen zenuen hizkuntza hori?

Ez. Nahiko autodidakta aritu naiz, Interneten bilatu nituen itzulpenak, eta gero valentziar batekin ibili nintzen lanean testuak zuzentzeko. Valentziarra tartekatu nahi izan nuen, esan bezala, edukia apur bat lurreratzeko eta errealitate puntu bat emateko kontakizunari.

Hasieran aurreikusten zenuen izenburua aldatu egin duzu, Itzalkinak eguzkitan izatetik Mundu zitalaren kontra izatera. Zer dela eta aldaketa hori?

Izenburuarena beti da niretzat erabaki zailenetarikoa. Hasierako izenburu hori gustatzen zitzaidan irudiagatik, sonbrillarena. Baina lehenengo kolpean pentsatu nuen “itzalkin” hitza ez dela oso erabilia, eta izenburu iradokitzaile eta identifikagarri baten bila nenbilen. Hartara, uste nuen izenburu horrek ez ziola ezer esango jendeari, eta azalaren irudia oso bizia eta koloretsua denez, oso erredundantea zela pentsatu nuen. Orduan, Mundu zitalaren kontra esaldiak kontrastea sortzen du titularraren eta marrazkiaren artean, eta hori izan zen azken erabakia.

Nork egin du azalaren irudia?

Ainara Alkortak egin du, Arte Ederretako ikasle ohi eta lagunak. Bera margolaria da gehienbat, asko estimatzen dut bere lana. Aipatu bezala, Martin Parr argazkilariaren Benidorm segidan dago inspiratuta. Berari bota nion proposamena, irudi horixe bueltatu zidan, eta aurrera egin genuen.

Oraingoan ere, lana argitaratzeko sari bat izan duzu atzetik, 25. Igartza saria. Zelakoak dira sariketa horiek?

Kasu honetan, lanaren lagin bat entregatu behar izan nuen, 15 orrialde ingurukoa; proiektuaren azalpen bat da hori, nondik norakoak irudikatzeko. Behin irabazita, diru-laguntzak bultzada ematen dizu proiektua bere osotasunean idatzi eta argitaratzeko, Elkar argitaletxearen bitartez.

Literaturan aritzeko, beharrezkoak al dira mota horretako sariak?

Uste dut ez dela asko hitz egiten honetaz, baina laguntza handia dira mota honetako sariketak, bai; azkenean, idaztetik bizitzea oso utopikoa da. Izan ere, idazle entzutetsuenek ere, idazteaz gainera, beste lan profesionalak izan ohi dituzte, eta horretatik bizi. Orduan, uste dut honek laguntza ematen duela, sinbolikoa bada ere, aurrera egiteko.

Hau argitaratuta, baduzu buruan bestelako proiekturik?

Ez, momentuz ez. Urte oso bat ibili naiz proiektu honetan, eta, behin argitaratuta, nolabait hustu egin naiz. Orain aurkezpenak egitea da dagokidana tarte batez. Eta idatzi baino, irakurtzeko, eta bestelako edukiez blaitzeko garaia da. Gero gerokoak. Dena dela, ziur nago jarraituko dudala, moduren batean edo bestean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun