Uribe Kosta jaietan 2015

Urduliztarrek Santa Mariñe ospatuko dute zapatuan eta astelehenean

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 16a, 12:00
Santa Mariñerako bidea egiten dute urtero dozenaka urduliztarrek. © URDULIZKO UDALA

Urtero legez, Santa Mariñe eguna ospatuko dute urduliztarrek uztailaren 20an. Astelehenean, ohiko jai-giroan murgilduko dira baselizako inguruak zein Urdulizko kaleak. Umeak eta helduak haitzetaraino igoko dira, Santa Liberada gurtzera. Modu horretan, jaia hasi eta jende ugari batu ohi da herrian, aspaldi-aspalditik debozioa eta jai-tradizioa eskutik helduta baitoaz Santa Mariñe egunean. Izan ere, inork ez daki ze urtetan hasi zen ospatzen. Aurreko zapatuan, ohiko tortilla-lehiaketa egingo dute. Jaiegunak badu bitxikeria bat: haitzek eta baselizak Santa Mariñe izena badute ere, Santa Liberada da gurtzen den santua, haurdunen eta erditze onen zaindaria. Bere irudia urte osoan dago Urdulizko Andra Mari elizako sakristian gordeta, eta hilaren 20an beren-beregi ateratzen da bertatik, baselizaraino igotzeko eta meza nagusiaren buru izateko.

Egitaraua

Uztailak 18, zapatua

  • 12:30 Tortilla-lehiaketarako izen-ematea.
  • 14:00 Tortillen aurkezpena.
  • 16:00 Kuadrilla-jokoak. Sari berezia, kuadrilla txapeldunarentzat. Euria izanez gero, Antsonekoa plazan izango dira jokoak.
  • 17:00 Tortilla-lehiaketaren sari-banaketa. Euria izanez gero, Antsonekoa plazan
    egingo da.

Uztailak 20, astelehena

  • 11:30 Udal agintarien eta txistularien igoera, elizatik Santa Mariñe baselizaraino.
  • 12:00 Meza nagusia eta ohorezko aurreskua.
  • 13:00 Hamaiketakoa, fanfarreak alaituta.
  • 18:00 Buruhandi eta dantza-taldeen jaitsiera, Santa Mariñetik Antsonekoa plazara. Ondoren honako dantza-taldeen erakustaldia Antsonekoa plazan: Portugaleteko Ikusgarri, Algortako Agurra eta Urdulizko Iratxo Gorria.
  • 20:00 Txokolate-jana eta erromeria, herriko trikitilariek eta pandero-joleek alaituta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun